Justin Trudeau
Justin Pierre James Trudeau (Ottawa, Ontario, 1971ko abenduaren 25a) kanadar politikaria da. Kanadako lehen ministroa da 2015etik, eta Alderdi Liberalaren buruzagia 2013tik. 2015eko legebiltzarrerako hauteskundeak gehiengo osoarekin irabazi zituen, botoen %39,5 lorturik.[1] 2015eko legebiltzarrerako hauteskundeak gehiengo osoarekin irabazi zituen, botoen %39,5 lorturik.[1] 2008tik legebiltzarkide da Papineauko hauteskunde barrutian. Pierre Trudeau Kanadako lehen ministro ohiaren seme nagusia da, askok Kanadako birfundatzailetzat jotzen dutenarena.[2]
Biografia pertsonala
aldatuOttawan jaio zen 1971ko abenduaren 25ean, Pierre Trudeau bere aitak hiru urte zeramanean Kanadako lehen ministro gisa. Ama, berriz, Margaret Sinclair da, idazle, aktore, argazkilari eta James Sinclair Kanadako Arrantza ministro izandakoaren alaba.
Bere aitak bezala, ikasketak Jean-de-Brébeuf ikastetxean egin zituen. Ondoren, McGill Unibertsitatera joan zen, non ingeles literaturan lizentziatu zen, eta Columbia Britanikoko Unibertsitatera, non hezkuntzako lizentzia lortu zuen. 1994an lagun talde batekin batera, bidaia bat hasi zuen Frantzia, Espainia, Maroko, Sahara, Benin, Errusia, Txina, Thailandia eta Vietnamen zehar.
Kanadara itzuli zenean, frantses eta matematika irakasle izan zen West Point Grey Akademian eta Vancouverreko Sir Winston Churchill Ikastetxean. 2002an Montrealen ezarri zen berriro, eta Ingeniaritza ikasketak egin zituen Montrealgo Unibertsitateko Eskola Politeknikoan (2002-2003). 2005etik 2006ra Ingurumen geografiako maisutza ikasi zuen McGill Unibertsitatean.[3]
2005eko maiatzaren 28an Sophie Grégoire-kin ezkondu zen, berau telebistako aurkezle eta yoga irakaslea, eta hiru seme-alaba izan zituen: Xavier James Trudeau (2007ko urriaren 18an jaioa), Ella-Grace Trudeau (2009ko otsailaren 15ean jaioa) eta Hadrian Trudeau (2014ko otsailaren 28an jaioa).
2014ko urrian bere memoriak argitaratu zituen Common ground liburuan, eta bertan haurtzaro pribilegiatu baten anbibalentziak kontatzen ditu, baina gurasoen banaketak markatuta, eta baita amaren arazoek ere, azken horrek nahasmendu bipolarra zuen-eta. Banaketaren ondoren, Pierre Elliott Trudeauk hiru semeen zaintza lortu zuen.[4]
Biografia politikoa
aldatuAitak bezala, eta James Sinclair amaren aldeko aitonak legez, Justin Trudeau ere politikagintzan aritu zen, Kanadako Arrantza ministro izatera iritsiz. Txikitatik, Justin Alderdi Liberalaren jarraitzailea zen. Eskolan ezaguna zen bere aitak bultzatu zuen federalismoaren defendatzaile sutsua izateagatik, zeinak egin baitzuen gizarte elebidun eta ekitatibo baten alde, eta Quebecen separatismoaren aurka.[5]
Hala ere, 1984an bere aitak boterea utzi zuenetik, modu diskretuan bizi izan zen. Bere agerpen publiko bakarra izan zen Michel anaia 1998an hil ondoren elur-jausi baten ondorioz, eta orduan Justin familiaren bozeramaile bihurtu zen.[6]
2000ko urrira arte, berak hogeita zortzi urte zituela Montrealgo Notre-Dameko basilikan bere aitaren hileta-elizkizunetan hain zuzen, ez zen agertu eszena publikoan. Orduko haren laudorioak hunkitu zituen Fidel Castro, Jimmy Carter eta Leonard Cohen bezalako hildakoaren lagun eta pertsona ospetsuak. Komunikabideetako kroniken arabera, Trudeau gazteak ahoskera eta modu paregabeak erabili zituen bere aitaren figura goraipatzeko, haurtzaroko pasadizoen bidez. Haren hitzek, ingelesez eta frantsesez, jende asko liluratu zuten, eta, hileta egin eta gutxira, "Trudeau dinastia" baten aukeraz hitz egiten hasi zen, nahiz eta orduan Justinek azaldu bera maisua zela eta ez zuela asmorik politikan sartzeko.
2006an, Alderdi Liberalaren konbentzioan, Gerard Kennedy hautagaiari eman zion babesa, alderdiaren zuzendaritza har zezan, baina hura kanpoan geratuta, bat egin zuen Stéphane Dionen hautagaitzarekin, zeinak, azkenean, laugarren bozketan irabazi zuen.
2007ko apirilaren 29an Kanadako Alderdi Liberaleko militanteek Trudeau hautagai liberal gisa aukeratu zuten, Papineau barrutian. Eserlekua irabazi zuen, Quebeceko Blokeko Vivian Barbot diputatu ohia garaituz. 2011n berriro aukeratu zuten, justu Alderdi Liberala hirugarren indar politiko izatera pasa zenean.
2012ko irailaren 25ean, Trudeauk hautagaitza iragarri zuen Kanadako Alderdi Liberaleko buru izateko, Michael Ignatieffek dimisioa eman ondoren. Beste bost hautagairekin lehiatu zen: Martin Cauchon, Deborah Coyne, Martha Hall Findlay, Joyce Murray eta Karen McCrimmon. 2013ko apirilean erraz irabazi zuen, 104.000 botorekin, botoen % 80,1 lortuta alegia.[7]
2015eko urriaren 19an Justin Trudeauk hauteskunde orokorrak irabazi zituen, Stephen Harper kontserbadorea garaituta. Alderdi Liberalak gehiengo absolutua lortu zuen Komunen Ganberan, botoen ia %40rekin, 338 eserlekuetatik 180 lortuta. Alderdi Kontserbadoreak, aldiz, 99 eserleku lortu zituen, eta NPD alderdi sozialdemokratak, 44. Trudeauk atez ateko kanpaina egin zuen austeritate fiskalaren aurkako proposamen ekonomikoak eginda, eta inkesten iragarpenak irauli zituen, bere jarraitzaileek espero zutena baino garaipen zabalagoarekin.[8]
Garaipenaren ostean, Kanadako lehen ministro bihurtu zen, eta 2015eko azaroaren 4an zin egin zuen kargua, bere kabinetearekin batera. Kargua hartuta, esan zuen bere lehentasuna izango zela klase ertainekoen zergak jaistea eta %1 aberatsenenak igotzea, herri indigenekiko harremanak hobetzea eta gobernu garden eta irekia sortzea.
Biharamunean, jakinarazi zion Barack Obama AEBetako presidenteari asmoa zuela Kanadako indarrak Estatu Islamikoaren aurkako borrokatik erretiratzeko, soilik entrenamendua eskainiz.
Jarrera politikoa
aldatuIngurumena
aldatu2015eko otsailean, iragarri zuen bere gobernuak zergak jarriko zizkiola ikatzari, herrialde osorako oinarrizko prezio batekin, probintzia bakoitzari bere helburuak ezartzen utzita. Haren ustez, neurri horri esker, aurrera egingo da hondar oliotsuen industriaren garapenean eta oliobideen eraikuntzan, ingurumena eta Kanadaren ospea zainduta.
2019ko ekainean gobernuak iragarri zuen berriro hasiko zirela lanak Trans Mountain oliobidea Kanadako mendebaldeko kostaldera zabaltzeko. Petrolioaren industriak ondo hartu zuen erabakia, baina ingurugirozaleek gogor kritikatu zuten, izan ere, behin proiektua amaituta, 15 milioi tona gehiago isuri litezke berotegi-efektuko gasen isurketetan.
Erreforma demokratikoa
aldatuParlamentuko diputatuen boto askatasunaren alde dago, hautagaitzak izendatzeko prozesu ireki baten alde, eta gobernu publizitate alderdikoi oro ezabatzearen alde. Alderdiaren buru izateko hautagaien arteko eztabaida batean, boto-zenbaketa proportzionala egitearen aurka agertu zen, Fair Vote Kanada erakundeak salatutako jarrera.
Senatuaren erreforma
aldatuIritzita Senatua bi arazo nagusik jota dagoela, alegia, sektarismoak eta klientismo politikoa, 2014ko urtarrilean erreforma plan bat iragarri zuen, eta, horren arabera, "Soilik Komunen Ganberarako aukeratutako diputatuak izango dira caucus liberal nazionaleko kide". Beraz, antzinako 32 senatari liberalak jada ez dira caucus-aren kide. Konpromisoa hartu du, halaber, “prozesu publiko, ireki eta gardena ezartzeko, senatariak izendatu eta berresteko, eta soilik senatari independenteak izendatzeko”.
Gobernuaren gardentasuna
aldatuMike Duffy-ren eskandaluak agerian utzi ondoren senatarien gastuen kontrol-falta, 2013ko ekainean plan bat proposatu zuen diputatuen, senatarien eta haien langileen bidaia gastuak argitaratzeko, hiru hilean behin formatu egoki batean, kontsulta eta ikerketa errazte aldera. Aldi berean, lege proiektu bat iragarri zuen, Komunen Ganberako Barne Ekonomiako Bulegoaren eztabaidak jendearentzako irekiak izan zitezen.
2014ko ekainean, lege-proiektu bat aurkeztu zuen Legebiltzarrean, informazioa eskuratzeko legeari egindako hainbat zuzenketarekin. Zuzenketa horiek informazio komisarioari ahalmena emango liokete agintzeko gobernuari dokumentuak azaleratu eta printzipio orokor gisa gobernuak “berez irekia” izan behar duela eta sekretu dena salbuespena baino ez dela izan behar ezartzeko; proiektuak aurreikusten zuen dokumentu bat lortzearekin lotutako kostuak ezabatzea. Era berean, Suzanne Legault Komisarioak egindako hainbat gomendio ere jasotzen zituen. Hedabideek ondo hartu zuten lege proiektua.
2019ko otsailean eta martxoan Trudeauren gobernuak krisi politikoa bizi izan zuen, zenbait ministro eta aholkulari dimitituta. Jody Wilson-Raybould Justizia ministroak presio egitea leporatu zien Justin Trudeauri eta haren ingurukoei, SNC-Lavalin enpresa eraikitzailearen alde egin zezan. Lehen ministroaren aholkulari nagusiak, Gerald Buttsek, dimisioa eman zuen, Jane Philpott Aurrekontuko ministroak bezala, eta azken horrek azaldu zuen jada ez zuela konfiantzarik Trudeaurengan.
Abortoa eta sexu bereko ezkontzak
aldatuJustin Trudeauk behin baino gehiagotan adierazi du emakumeek haurdunaldia borondatez eteteko duten eskubidearen alde dagoela. Jarrera horrek abortuen aurkako taldeen erreakzio gogorra eragin zuen 2015eko hauteskunde-kanpainan. 2014an debekatu egin zuen abortatzeko eskubidearen aurka zeuden bere alderdiko kideak hautagai izatea, baldin eta aldeko botoa emateko konpromisoa hartzen ez bazuten. Argudiatu zuen nahi zuela erabakitzearen aldeko gobernu erabat aldekoa, eta ez zela “inongo gobernuren rola legeak egitea emakume batek bere gorputzarekin zer egin erabakitzen duenaz". Halaber, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen alde ere agertu da, eta homosexualen komunitateko hainbat martxatan parte hartu du.
Justin Trudeauk adierazi zuen abortatzeko eskubidea eta sexu bereko pertsonen arteko ezkontza bere “oinarrizko printzipioen” parte zirela. Esan zuen aurka zeudenei ezin izango ziela “atseginik” eman, bere ideiei eutsi behar dielako. Hitz egiterakoan gai horiei buruz kontra egitea oinarrizko printzipiotzat jotzen zuen jendearekin, zera esan zuen: "Ziurrenik, leku gutxi dago akordio baterako. Espero dut beste kontu batzuetan leku nahikoa izatea niri botoa eman diezadazuen”.
Marihuana legeztatzea
aldatuTrudeau argi eta garbi ageri da marihuanaren alde. Uste du Harperren gobernuak marihuana kriminalizazioarekin zerikusia duten gastuak (500 milioi dolar urtean) galera bat direla, eta hura legeztatzeak ekarriko lukeela trafikatzaileen eta krimen antolatuaren irabaziak murriztea. Adierazpen publikoak egin ditu, halaber, berak inoiz erre duela marihuana eta Michel anaia, elur-jausi batean hil zena, prozesatua izan zela adieraziz.
Nazioarteko politika
aldatu2013ko urriaren 24an Washingtonera egindako lehen bisitan adierazi zuen Kanadak nazioarteko eszenan gehiago parte hartu behar zuela eta modu eraikitzailean esku hartu behar zuela, bereziki Israel eta Palestinaren arteko auzian. Haren ustez, Kanadak Gerra Hotzean bakeari eusteko rol garrantzitsua izan zuten misio zaharrak dagoeneko ez dira egokitzen gaur egungo munduaren errealitateetara. Hala ere, Trudeauk uste du Kanadak, bere historiari esker, presentzia eta rol positiboa izan dezakeela leku askotan. Sinatzearen alde agertu da AEBek eta beste 90 herrialdek izenpetutako Armen Merkataritzaren Ituna, zeina 2013an Stephen Harper lehen ministroak uko egin zion sinatzeari.
Hauteskunde kanpainan, Trudeau konprometitu zen ez parte hartzera AEBek gidatutako nazioarteko koalizioan, bonbardatzeko Estatu Islamikoak Sirian eta Iraken duen talde terrorista. Alde agertu da, ordea, tokiko indarrak prestatzen laguntzeko, Estatu Islamikoa lekuan bertan garaitu eta giza laguntza handitze aldera.
Errefuxiatuen krisian, Alderdi Liberalak konpromisoa hartu zuen berehala onartzeko Siriatik etorritako 25.000 pertsona eta inbertitzeko 100 milioi dolar kanadar haiei harrera egokia egiteko. Kontrara, hauteskunde kanpainan Harperri leporatu zitzaion funtzionarioei asilo eskaeren tramitazioa eteteko agintzea.
Erlijioa
aldatuTrudeau katolikoa da, eta adierazi izan du sinesten duela “erlijio handi guztietan printzipio komunetan”. Hala ere, gatazka planteatu zuen Elizaren zenbait dogmarekin, esate baterako “benetan katoliko praktikantea izan ez zen norbait zerura sartu ezin izatea”. Hori jo zuen "arrarotzat eta onartezintzat". Erlijioak Estatuan duen eraginari buruz, hauxe iritzi zion: “Sinesmen pribatuak baloratu eta errespetatu behar badira ere, funtsean zerbitzu publikotik kanpokoak dira”, eta liberalismoak horri buruz diharduela.
Genero berdintasuna
aldatuTrudeauk esan izan du “harro dagoela feminista izateaz”. Adierazi zuen alderdi liberala sendo dagoela emakumeen eskubideen defentsan, eta Eskubide eta Askatasunen Kanadako Gutunaren alderdia direla. 2015eko hauteskunde legegileen kanpainan, konpromisoa hartu zuen ministroen kontseilu paritario bat osatzeko, gizonen eta emakumeen kopuru berarekin. Lehen ministro gisa zin egin ondoren, galdetu zitzaion zergatik uste zuen sexuen parekotasuna garrantzitsua zela, eta erantzun zuen: "2015. urtean gaudelako".
Argitalpenak
aldatu- Common Ground (2014).
Erreferentziak
aldatu- ↑ Makazaga, Xabin. Liberalen ordua da Kanadan. berria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-1-14).
- ↑ (Gaztelaniaz) Bassets, Marc. (2015-10-20). «La ‘trudeaumanía’ resurge en Canadá» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
- ↑ (Ingelesez) «Contender: The Justin Trudeau Story (Part 1)» HuffPost Canada 2013-03-05 (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
- ↑ www.amazon.ca (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
- ↑ «Justin Trudeau, a la sombra del padre perfecto» La Vanguardia (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
- ↑ (Ingelesez) Depalma, Anthony. (1998-11-16). «Pierre Trudeau's Youngest Son Believed Killed in Avalanche» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
- ↑ «Justin Trudeau se convierte en el nuevo líder del Partido Liberal de Canadá - Noticias Montreal» web.archive.org 2013-10-22 (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
- ↑ Makazaga, Xabin. «Liberalen ordua da Kanadan» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
Bibliografia
aldatu- (Ingelesez) Norman Hillmer and Philippe Lagassé, , New York, Palgrave Macmillan, 2018
- (Ingelesez) Althia Raj, « », The Huffington Post, mai 2013 (lire en ligne [archive])
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Webgunea (ingelesez)
- Justin Trudeauren biografia, Britannican
- Justin Trudeau IMDb datu-basean
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Justin Trudeau |