[go: up one dir, main page]

Habitat («bizi da», latinez) landare edo animalia espezie jakin bat edo beste era bateko organismo bat bizi den lurralde eremua da.[1][2] Izaki bizia bertako izaera eta ezaugarri fisiko-kimikoetara moldatuta egon ohi da. Esate baterako, gizonaren bizilekuarekin lotuta, nekazari habitatak eta hiri habitatak bereizten dira.

Afrikar elefantearen habitat zatituen kokapena.
Banaketa mapa bat, kaio beltzaren irispidea eta elikatze eremuak erakusten dituena.

Habitat eta biotopo hitzek antzeko esanahia dute, baina ez dira berdinak: biotopo batean biozenosi bat bizi den bitartean, habitat batean espezie bat bizi da.

Habitatera moldatzea

aldatu

Habitata animalia eta landare mota bat bizi den edo elikagaiak aurkitzen dituen ingurunea da [3]. Habitata ingurune horretako baldintza fisiko eta biotikoei dagokie. Baldintza fisikoak klimari (tenperatura, prezipitazioak, airearen hezetasuna, eta abar), lurrari landareen kasuan (azidotasuna, gatz mineralen kopurua, eta abar) eta paisaia motari (mendia, ordokia, itsasertza, eta abar) dagozkie. Baldintza biotikoak (basoa, belardiak, aintzirak), berriz, landare mota bati eta elikagai kopuruari dagozkie. Hala, adibidez, kukuprakaren habitat nagusia mendiko baso hezeak, lur hareatsu eta harritsuak direla esan ohi da; eta panda handiaren habitat bakarra Txina mendebaldeko mendi garaietako banbu basoa dela.

Animalia mota askok aldatu egiten dute habitata bizitzan zehar, bilakaera mailaren arabera. Eltxoaren larbak, esate baterako, uretan bizi dira, eta partikula organiko txikiak jaten dituzte; eltxo helduak, aldiz, airean bizi dira, eta odola jaten dute emeek, eta belar zukua arrek. Zenbait animalia mota migratzailek urtean bitan aldatzen dute beren habitata, enarak edo zikoina zuriak esaterako; eta beste batzuek, berriz, bizitzaren aldi jakinetan besterik ez dute habitata aldatzen: gaizkatak, adibidez, bi edo hiru urte arte ur-lasterretan bizi izaten dira, helduak direnean itsasoan, ibaietan ugaltzen dira, eta, ondoren, ozeanora itzultzen.

Habitatari dagokionez, espezie batzuk generalista edo euritopikoak dira, beste batzuk espezialista edo estenotopikoak. Azken horietan, habitat-hautespena ematen da, hots, erabil daitezkeen eremu potentzialetatik eremu gutxi batzuk bakarrik erabiltzen dituzte banakoek, haien eskakizunak modu zehatzenean asetzen dituztenak. Okil handia, esate baterako, mota guztietako basoetan bizi da Euskal Herrian; okil beltza, berriz, oso baso helduetan bakarrik, eta okil gibelnabarra pagadietan bakarrik. Habitata ez da soilik espeziearekin aldatzen, maiz ar eta emeen, gazte eta helduen habitatak ez baitira berdinak. Izokina da horren adibidea, itsasoan bizi den arren erreketan ugaldu eta hazten baititu kumeak. Era berean, espezie askok habitata aldatu egiten dute urtean zehar, batez ere migratzaile direnek[4].

Habitat motak

aldatu

Lurtarrak

aldatu
 
Dominika uhartearen oihaneko habitat bat

Habitat lurtarrak dira, besteak beste, basoak eta oihanak, larreak, hezeguneak eta basamortuak. Bioma horien barnean baldintza espezifikoagoak dituzten habitat daude: klima, tenperatura, lurzoru, altitude edo landaretza ezberdinetakoak. Habitat bat egokia izan daiteke espezie batentzat, baina espezie horrek duen kolonizazio-gaitasunak baldintzatuko du espeziea bertan finkatu ala ez [5]

Ur gezak

aldatu

Ibaiak, errekak, lakuak, zingirak eta aintzirak ur gezetako habitatak dira. Uraren abiadura, oxigenoaren kontzentrazioa eta uraren tenperatura dira kontuan hartu beharreko faktoreak honelako habitatetan. Inguruko landarediak ornogabe zein ornodunei habitat egokia eskaintzen die, eta urpeko landareek ura oxigenatu, elikagaiak xurgatu eta kutsadura murrizten dute [6]

Ur gaziak

aldatu

Estuarioak, itsasadarrak, badiak, itsaso zabala, bentosak eta arrezifeak ur gazietako habitat ezberdinak dira. Itsas hondoan eta bentosean dauden bizidun estatikoei bertako harkaitz eta harriek toki oso egokia eskaintzen diete. Baita narras mugitzen diren bizidunei ere. Beste espezie batzuk, aldiz, itsas azalean bizi dira, flotatzen: adibidez, planktona osatzen duten bizidun guztiak [7]

Hiriak

aldatu

Animalia eta landare ugari hiri-eremuetan bizi dira. Moldagarritasun handiko espezieak dira: saguak eta arratoiak; kabiak egiteko eraikinak erabiltzen dituzten usoak, txolarreak eta enarak; teilatuak erabiltzen dituzten saguzarrak, etab. Gero eta ohikoagoa da hiri handietako kanpoaldeko auzoetan basurdeak eta koioteak (azken hauek AEBetan) topatzea [8]; kakalardoak, akaroak, euliak, sitsak, zorriak, armiarmak eta termitak ere hirietako ohiko biztanleak bihurtu dira [9]

Mikrohabitatak

aldatu

Espezie batzuek eremu txiki bateko baldintza espezifikoak behar dituzte bizitzeko. Habitat batek, horrenbestez, mikrohabitat ugari ditu sarritan, tenperatura, argia, oxigeno, hezetasun edo beste faktore batzuek bereizten dituztenak. Aintzira batean, adibidez, azala eta hondoa bi mikrohabitat oso ezberdinak dira, argia, oxigenoaren kontzentrazioa eta uraren tenperatura oso ezberdinak direlako. Horrek esan nahi du aintzira berean animalia edo landare batzuk egongo direla azalean, ta beste batzuek hondoan. Habitat horrek bi mikrohabitat ditu.

Baso baten zuhaitz handi batean zuhaitzaren goiko aldea eta beheko aldea oso ezberdinak dira; zuhaitzaren goiko aldean, adibidez, argi gehiago egongo da beheko aldean baino, eta beraz hor bi mikrohabitat ere bereiz daitezke, bakoitzean liken ezberdinak haziko dira, adibidez.

Babesa

aldatu

Europako Batasunaren Habitat Naturalen eta Basafauna eta Basafloraren Kontserbazioari buruzko 92/43 Direktibak, bestalde, Batasuneko biodibertsitatea kontserbatzeko, Batasunaren Intereseko Habitat eta Espezieak zehazten ditu. Zerrenda horretan, bederatzi habitat-mota nagusi bereizten dira (kostaldekoak, dunak, ur gezatakoak, txilardi-sastrakadi epelak, sastrakadi esklerofiloak, larre natural eta seminaturalak, zohikaztegi eta lintzurak, harkaizti eta kobazuloak, eta basoak). Habitat nagusi horiek beste hainbatetan bereizten dira, batez ere irizpide botanikoak kontuan hartuta, eta habitat horiek dira Natura 2000 sarearen eraketan kontuan hartu direnak[4].

Erreferentziak

aldatu
  1. Dickinson, C.I. 1963. British Seaweeds. The Kew Series
  2. Abercrombie, M., Hickman, C.J. and Johnson, M.L. 1966.A Dictionary of Biology. Penguin Reference Books, London
  3. Hall, Linnea S. et al. (1997). Wiley, Wildlife Society, eds [Hall, Linnea S. et al. (1997). Wiley, Wildlife Society, eds The Habitat Concept and a Plea for Standard Terminology] Wildlife Society Bulletin (1973-2006) 25 (1): 173–182
  4. a b Elosegi, Arturo. «habitat» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  5. Breed, Michael D.; Moore, Janice (2011). Academic Press, eds Animal behavior 248 orr.
  6. Cook, C.D.K.; Gut, B.J.; Rix, E.M.; Schneller, J. (1974). Springer Science & Business Media, eds. Water plants of the world 7 orr.
  7. Roff, John (2013). Routledge, Marine Conservation Ecology 105 orr.
  8. Read, Nicholas (2012). Orca Book Publishers City Critters: Wildlife in the Urban Jungle 2 orr.
  9. Abe, Y.; Bignell, David Edward; Higashi, T. (2014). Springer Termites: Evolution, Sociality, Symbioses, Ecology 437 orr.

Kanpo estekak

aldatu