Esklusa
Esklusak edo urateak nabigazio ubideetan bildutako goitierak gainditzea ahalbidetzen duten lan hidraulikoak dira, bertan aurkitzen diren itsasontziak jaitsi edo igotzen dituztenak. Batzuetan, presa baten egitura gehigarrietako zati ere badira, ibai nabigagarrietan eraikitzen denean.
Oso ezagunak dira Panamako Kanalekoak. Europako barne nabigazioa garatuta dagoenez, Ipar Itsasotik Itsaso Beltzera nabiga daiteke, zenbait esklusa erabiliz.
Esklusa bat zeharkatzea kontu motela da: ur-mailak orekatu behar dira, lehenik itsasontzia dagoen kanalaren zatiarekin eta, ondoren, hurrengo mailarekin. Ur-kontsumoa handia da: gutxitzeko, esklusa zeharkatu behar duen itsasontzirik ez badago, bete zein hustean kontu izan behar. Hori bi esklusa paraleloan eraikitzeko arrazoietako bat da; horrela, batak husten duen uraren zati bat bestea betetzeko erabil daiteke.
Teknikoki, esklusa bakarrarekin gaindi daitekeen goitiera gehiena 25 metro ingurukoa da. Alde handiagoak gainditzeko, bata bestearen jarraian jarritako lanetara jo behar da —are zailagoak dira— edo honakoen antzeko beste gailuak erabili:
- itsasontzi-igogailuak, eta
- ur-plano okertuak.
Belgikan "du Centre" kanalaren gainean, 2002an, Strépy-Thieuko igogailu-funikularra inauguratu zen, 73 metroko goitiera gainditzea ahalbidetzen duena.