[go: up one dir, main page]

Errenteria

Gipuzkoako udalerria
Artikulu hau udalerriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Errenteria (argipena)».

Errenteria Gipuzkoako ipar-ekialdeko udalerri bat da, Donostiatik 7 kilometrora dagoena. Oiartzualdeko eskualdean dago, Oiartzunekin, Pasaiarekin eta Lezorekin batera, Pasaiako badiatik oso gertu, eta eskualde-burua da. Euskaltzaindiak euskara baturako onartutako Errenteria herri izenaz eta errenteriar herritar izenaz gainera, haien sinonimotzat erabiltzen dira neurri txikiagoan bada ere— Orereta[4] eta oreretar izenak.

Errenteria
 Gipuzkoa, Euskal Herria
Errenteriaren ikuspegi orokorra; atzean, Jaizkibel mendia.
Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaGipuzkoa
EskualdeaOiartzualdea
Izen ofizialaErrenteria
AlkateaAizpea Otaegi (EH Bildu)
Posta kodea20100
INE kodea20067
Herritarraerrenteriar eta oreretar
Ezizenagaileteroak
Kokapena
Koordenatuak43°18′45″N 1°53′55″W / 43.3125°N 1.8986°W / 43.3125; -1.8986
Map
Azalera32,26 km²
Garaiera12 m
Distantzia7,5 km Donostiara
Demografia
Biztanleria39.231 (2023)
208 (2022)
alt_left 20.361 (%51,9) (%48,7) 19.110 alt_right
Dentsitatea12,16 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 2,03
Zahartze tasa[1]% 21,31
Ugalkortasun tasa[1]‰ 39,2
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 77,36 (2011)
Genero desoreka[1]% 5,22 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 13,25 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 35,22 (2010)
Kaleko erabilera [2]% 14.7 (2016)
Etxeko erabilera[3]% 23.49 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera1346
Webguneahttps://errenteria.eus
Hiri senidetuakSchorndorf, Lousada, Tulle, Monroy eta Fuentepelayo

Udalerriak 31 km² ditu, eta 39.905 biztanle zituen 2016. urtean. Horrenbestez, Gipuzkoako herri jendetsuenetan hirugarrena da, Donostiaren eta Irunen atzetik, bereziki 1960ko hamarkadaz geroztik, Espainiako hainbat eskualdetatik izandako immigrazioa dela eta. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, herririk jendetsuenetan hamargarrena da; eta Euskal Herri osoan, hamabigarrena.

Gaztelako Alfontso XI.ak herri karta eman zion 1320an, Villanueva de Oiarso izenarekin; herriaren lehen aipamen idatziak 1210. urtearen ingurukoak dira.

Historian zehar Errenteriak izen ugari izan ditu.[5] Herria 1320. urtean sortu zen, Villa Nueva de Oyarço (Oiartzoko Hiri Berria) izenarekin, Orereta izeneko herrixka zegoen tokian. Orereta horren lehen aztarnak 1210. urtekoak dira. Oiartzo (garai hartako euskaraz, izan ere, Oyarço izenaren euskal ahoskera Oiartzo bide zen; gaztelaniak tz soinurik ez duenez, ç letraren ordez s jartzen dute gaur egungo idatzietan, baina tz digrafoa dagokio euskaraz), herria zegoen bailararen izena zen. Zehazki, 1214an Oiartzungo haranak forua jaso zuen, Oiartzungo Hiri Berriko Kontzejua izena hartuta[6].Kontzeju horretan Elizalde, Altzibar, Iturriotz (egungo Oiartzunen) eta Orereta auzoak zeuden (egungo Errenterian).[7]

Alfontso XI.a Gaztelakoak, 1338an, Villa Nueva d'Oyharçu (Oihartzuko Hiri Berria) herriari onartu zion Pasaiako portutik garraiatutako salgaien gaineko zenbait zerga ordaintzetik salbuetsita izatea.[8] 1340an, errege hark berak Villa Nueva d'Oyarçun (Oiartzungo Hiri Berria) herriaren forua berretsi zuen, eta Pasaiako portutik Errenteriara deskargatutako salgaiek erregeren eskubideak beste zergarik ez ordaintzeko agindu zuen.[8] Herri horretan erregeari errenta ordaintzen zitzaionez, bada, Renteria izenaz ere ezaguna zen; izan ere, badira 1368ko dokumentuak, herriari Renteria deitzen zitzaiola adierazten dutenak.

Villa Nueva de Oyarçok, sortzetik beretik, legearen aldetik arazoak izan zituen bailarako beste herrixkekin, eta horren eraginez 1453an Oiartzun bailarako beste zatia ere herri bihurtu zuen Joan II.ak (geroago Oiartzun izango zena). Lurrak banatzeko bi herrien arteko arazoak zirela kausa, Villa Nuevako herritarrek, Oiartzungoekin zerikusirik ez izateko eta bi herriak bereizteko, Renteria izen ofizialtzat hartzea erabaki zuten.

Herriaren euskal izen ofiziala Errenteria da. Errenteri edo Errenderi ere erabili dira maiz. Errenteria Renteriaren euskal aldaera da, euskarak r-z hasitako hitzei bokal protetikoa (a- edo e-) aurretik gehitzeko joera du-eta. Ohikoa izan da euskal formaren erabilera, nahiz eta duela urte batzuk arte izaera ofizialik ez duen eduki. Gaur egun herriaren izen ofiziala (baita gaztelaniaz ere) Errenteria da.

Azken hamarkadetan, Errenteriako zenbait herritarrek euskal izenak Orereta izan beharko lukeela aldarrikatu dute, herria sortu zen lekuan zegoen herrixkaren izena, hain zuzen ere. Helburu horrekin, Orereta, izena eta izana izeneko azterketa (Luis Elberdin sexologoak idatzia) aurkeztu zitzaion Euskaltzaindiari, Orereta izena onar zezan. Euskaltzaindiak erantzun zuen Errenteria dela herriaren euskal izena; era berean, nabarmendu zuen izen horren oinarrian dagoen rentería gaztelaniazko izena Euskal Herrian baizik ez dela erabili.[9]

Egun, hainbatetan Errenteria-Orereta forma bikoiztua erabiltzen da, herriko bi joera horiek biltzeko asmoz. Horrela egiten du, esaterako, eskualdeko euskarazko egunkari Oarso-Bidasoko Hitzak.

Geografia

aldatu
 
Oiartzun ibaia, Fanderia auzoan.

Udalerri mugakideak

aldatu

Errenteriak udalerri hauek ditu mugakide:

Auzoak

aldatu
 
Ugarritze auzoaren ikuspegia.
 
Oiartzun ibaia, Errenteriatik ateratzen.
 
Zumardia.


Errenteriak hainbat auzo du. Erdialdea eta alde zaharra izan ezik, auzo gehienak goiko aldeetan daude, erdigunetik malda handiek bananduta. Errenteriak mendi edo baserri giroko auzoak ere baditu: Zamalbide, kasu.

Baserriak eta ingurune naturala

aldatu

Herriko udal webgunean zerrendatuta daude Errenteriako baserrien izenak, eta 100 baino gehiago dira.[10] Haien artean aipagarri dira Añabitarte, Arramendi, Ataño, Barin, Baringarate, Egiluze, Larzabal, Listorreta, Tolare, Txirrita, Txoritokieta, Xenpelarre eta Zamalbide.

Ingurune naturalari dagokionez, Urdaburu mendia da (598 m) herriko ikurra eta tontorrik aipagarriena. Oiartzun ibaiak, bestela, udalerria zeharkatzen du izen bereko herritik etorrita eta Pasaiako Badiaranzko bidean. Bestela, Añarbeko urtegia ur biltegi nagusia.

Historia

aldatu

Hiribildua sortu aurretik

aldatu

1210an Oreretaren lehen aipamen idatziak agertu ziren.[11]

Errenteriaren sorrera

aldatu
 
Errenteria itsas bazterra zen. Itsasoa gaur egungo Madalena kaleraino eta Madalena basilikaraino heltzen zen, harresitik kanpo.
 
Astotokia, alde zaharra.
 
Errenteria zaharra.

Alfontso XI.a Gaztelakoak sortu zuen 1320. urtean, eta Donostiako Forua eman zion. Aurreko mendean Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba Nafarroako Erresumatik Gaztelako Erresumara pasa ziren. Hondarribia Nafarroan zegoenez, Gaztelako Herriaren sorketa-agirian "Villanueva de Oiarso" izenez agertzen baldin bada ere, "(Er)renteria" deitzen hasi zitzaion berehala, bertan egiten ziren itsas-merkataritza jarduerak zirela eta. 1491an Villanueva de Oiarso, Renteria deitzera pasatu zen. Leinu gerretan Errenteria ganboatarren aldean kokatu zen, eta horrela oinaztarren erasoak jasan zituen, Oiartzun aldetik bereziki. 1476 urtean, herriko etxeak erre eta hildako asko utzi zituen erasoa izan zen.

Antzinako mapan ikus daitekeenez, garai hartan Ugarritza inguruan (Ugarritza-Olibet auzoa gaur egun) ontziola baino ez zegoen. Herria harresi barruan zegoen, Kapitain Etxea, Udaletxea eta Andra Mari parrokia ere bai. Harresia ibaia eta itsasoarekin babestuta zegoen, eta lurretik zetozen erasoetatik defendatzeko lau dorretxe zeuzkan: Torrekua, Morrontxo, Zubiaurre jauregia, eta Mikelazulo atea.

Marea goian zegoenean Errenteriako harresietaraino heltzen zen itsasoa garai haietan. Biteri kalea eta Niessen aldea padura eta itsas-eremuak ziren. Ia Madalena ermitaraino heltzen zen itsasoa.Gaur eguneko Madalen kalean zeuden harresitik kanpo bizi ziren arrantzale pobreen etxeak, bertaraino heltzen zen itsasoa.

Aro Modernoa

aldatu

1533 eta 1638an sute handiak gertatu ziren.

Aro Garaikidea

aldatu

1860an industrializazioaren hasi zen. 1974an Musikaste Errenteriako musika klasikoko astea sortu zen.

Espainiar Trantsizioa

aldatu
 
Iztieta auzoan, Francisen omenez pintatutako zebrabidea.

1977ko Amnistiaren Aldeko Astearen baitan, istilu larriak gertatu ziren Errenterian: hildakoak ere izan ziren. 1979an Espainiako polizia batek Vicente Vadillo Santamaría Francis herriko trabestia hil zuen Iztietako diskoteka baten inguruan. Hilketa horri erantzuteko mobilizazioetan, EHGAM sortu zen Errenterian; horren ondoren, mugimendu hori Euskal Herri osora zabaldu zen.

Herri Bizia zikloa

aldatu

2009ko krisi ekonomikoak gogor jo zuen Errenteria, baina herriko mugimendu sozial eta politiko aurrerakoiek bultzatuta, Herri Bizia ildoaren baitan herriko berpizkunde sozial, kultural eta politikoa hasi zen.

COVID-19 garaiak

aldatu

2020ko martxoan COVID-19 pandemia Errenteriara iritsi zen.

Ekonomia

aldatu
 
Fanderia auzoko errota.

Industria izan zen urte luzez udalerriko jarduera nagusia. Industriek zer-nolako dinamika zuten herrian eta zer-nolako lotura bizitza sozial, politiko eta ekonomikoarekin aintzat hartuta, aro garaikidean sei garai desberdin hauek bereizi daitezke:[12]

Ontziolak (XVI.-XVIII. mendeak)

aldatu
 
Beheko kalea, alde zaharrean.

Aro modernoan Ontziolak izan ziren ekonomiaren motorra. XVI. mendetik XVIII. mendera bitarte Ugarritzan zegoen ontziola Europa mailan punta-puntakoa izan zen. 1590tik 1730era Errenteria Euskal Herriko ontzigintzan zentro nagusietako bar izan zen; nahiz eta urte horietan ontzigintzarako oso urte zailak izan ziren. Bai ontzien eraikuntzan eta bai burdinaren manufakturan, herrian garai hartako teknologiarik modernoena aplikatu zen. Urte haietan, itsas-industria izan zen hiriko garrantzitsuena, bai sortutako aberastasunagatik, bai erabilitako eskulanagatik.[13]

Gipuzkoako ontzigintzaren sektorea XVI. mendean nagusienetako bat izan zen. Kapital asko sortu eta mugitu zen bere inguruan. Horrek herrian aldaketa oso handiak ekarri zituen, bai inguruan, bai gizartean ere bai, eskulan asko kontratatu baitzen, bai sektorean zuzenean bai beste sektoreetan (burdingintzan eta egurgintzan, esaterako). Inguruan, gainera, azpiegiturak eraiki behar izan ziren materialak gordetzeko eta langileei ostatu emateko. Fanderian industria-gune handi bat eraiki zen: Renteriola-Olaldeko Ainguren Errege-Fabrika eta gero “Fanderia” bat.[14] Azken bi hauek, unean uneko puntako teknologiarekin. Errenteriak tamaina handiko ontzien eraikuntzan zuen espezializazioak eskulan kopuru handia bildu zuen eta garai hartako eraikitzaile ospetsuenetako batzuk bertan egon ziren. Gainera, batzuk herriko bizilagunak ziren.[13]

Lehenengo fabrikak: 1845etik 1880ko hamarkadara arte.

aldatu

Garai haietan sortu ziren lehen lantegiak hauek izan ziren: Sociedad de Tejidos de Lino (1845), Salvador Echeverría y Cía. (1855), Sorondo Primos (1857), Gamón Hermanos (1858), Saturio y Timoteo Arizmendi (1858) eta Real Compañía Asturiana (1859).[15][16]

Industrializazioko lehen aldi horretan aldaketa handiak gertatzen hasi ziren Errenteriako egitura ekonomikoan, egitura demografikoan, hiri-egituran eta gizarte-egituran. Hiru mila biztanle baino gutxiago zituen, eta horietatik mila baserrietan bizi ziren. Industriako langileen proportzioa, biztanle guztiekiko, historia osoko handiena zen. Une hartan, Errenteriak nekazaritzatik eta arrantzatik bizi zen herri izateari utzi zion, eta herri industrial bilakatu zen pixkanaka.

1871. urterako industria herriko sektore ekonomiko nagusia izan arren, inguru horretan izan zuen lehen krisia. 1868an, desagertu egin zen liho-fabrika bat, txikiena eta gainerakoak baino gutxiago mekanizatua zegoena, eta ekoizpena beheraka hasi zen gainerakoetan. Beherakada horren jatorria Espainiako ekonomiaren zenbait krisi izan ziren, lotura zutenak bai muga-zergen ezarpenarekin (1869), bai karlistaldiarekin. Gerrak, 1872tik 1876ra luzatu zenak, herriko ekoizpena geldiarazi zuen denbora batez, eta XIX. mendeko 70eko hamarkadaren amaieran egoera zaila zen.

 
Torrekua dorretxea, garai bateko dorretxe eta gaur egun Teknologia libreak eta ekonomia soziala uztartzen dituzten proiektuen lanketarako topagunea.

Industriaren goraldia: 1880tik 1910era arteko hamarkadak

aldatu

1886an La Ibérica fabrika sortu zen, Olibet e Hijos frantziar enpresaren jabetzakoa. Galleta-fabrika hura martxa onean hazi zen 1916-1917 arte, banilla-usainez bete zituen herriko txokoak. Hura ireki eta hogei urte baino gutxiagoan beste hamaika enpresa sortu zituzten herrian, eta, lantegien kopurua handitzeaz gain, industriara aniztasuna iritsi zen, Gipuzkoak oso berezkoa izan duen industria-garapeneko ereduaren ezaugarria.

Garai honetan sortu ziren lantegi hauek: 1886 an La Ibérica (galletak); 1894an Albayalde (pinturak); 1890ean Vasco-Belga (paper-fabrika); 1892an Fabril Ibero-Belga (tapiztegia); 1892an La Margarita (destilategia); 1897an Euskaria (sagardoa); 1899an Fabril Lanera (artilea); 1901ean Manufacturas el Yute (ehunak); 1902an Mármoles San Marcos (marmola); 1903an Henry Garnier (destilategia); 1903an Molinao (irinak); eta 1912an Papelera Española (papera).

Gorabeherak industrializazio-prozesuan eta herrian: XX. mendearen 20ko eta 30eko hamarkadak.

aldatu

1917tik 1939ra bitarteko aldian, Errenteriaren egoerak, bertako industriek eta haien inguruan egituratutako bizitzak aldaketa eta gorabehera asko izan zituzten. Batetik, langileen mobilizazioa handia izan zen. Garai horren hastapenetan greba bat baino gehiago egin zuten, eta emakumeak ere protagonista garrantzitsu izan ziren. Beste batetik, krisiak eta suspertze ekonomikoko prozesuak izan ziren, eragina izan zutenak enpresen dinamikan, herriaren bizitzan eta, noski, emakumeen lanean. Urte haietan Europan eta Espainian piztutako gerrek eta haien emaitzek zenbait modutan eragin zuten herriko industrializazio-garapenean.

XX. mendearen erdialdea (1940-1960)

aldatu

Frankismoaren lehen aldian, Estatuak gogor zuzentzen eta kontrolatzen zuen ekonomia, baldintza eta baimen ugari behar iren enpresak ireki edo handitzeko eta lehengaiak edo makinak inportatzeko. Paper eta baimenen egitura hartan, handiak ziren eraginkortasunik eza eta ustelkeria, eta enpresen hornidurarako nahiz garapenerako arazoak eragin zituzten. Horrez gainera, biztanleen bizi-maila eta merkatuaren kontsumo-ahalmena nabarmen murriztu ziren. Hala eta guztiz ere, Errenteriako industria batzuek lehiakortasuna mantentzea eta areagotzea ere lortu zuten.[17]

1960-1975: industriaren garapen-garaia.

aldatu
 
Papresa, erdigunean dagoen paper fabrika.
 
Oiartzun ibaia, Errenteriako Ugarritze eta Iztieta auzoak, eta Aiako Harria

Estatuak autarkismoari uko egin zionean, udalerriko hazkunde-parametro guztiak izugarri hazi ziren. Lantegien kopurua, industriako langileen kopurua eta produkzioaren kantitatea eta kalitatea oso bizkor handitu ziren, eta oso kopuru altuak lortu zituzten. Ekonomia industriala bizkortu egin zen. Egia da zenbait lantegi garrantzitsu itxi egin zituztela: Pakers galleta-fabrika, 150 emakumezko zein gizonezko langile izatera iritsi zena; manta-fabrika, Papresa paper-fabrikan kokatua, 100 bat langile zituena, eta Fabril Lanera, S.A, 200 langilekoa. Baina, aldi berean, beste asko sortu ziren, eta metalurgikoak izan ziren nagusi. Ondorio gisa, industria-sektorean ziharduten herritarren kopurua % 69koa izan zen 1960an.[17] 1965ean, 216 enpresa industrial zeuden, eta 4.000 pertsonari baino gehiagori ematen zieten lana; hau da, hiru langiletik bi fabriketan aritzen ziren. Enpresa horietako asko txiki samarrak ziren arren, 100 langile baino gutxiagokoak, asko ziren, eta ehunka pertsonarentzako lana zuten. Eta gainera, hurrengo urteetan ere hazten jarraitu zuten.

Desindustrializazioa: 1975etik aurrera

aldatu
 
Errenteria, Papresaren atzetik.
 
Errenteriako erdialdearen ikuspegia, Ugarritze auzotik.

1970.eko hamarkadan hasitako desindustrializazio-prozesuaren ondoren bigarren mailara pasa da: metalurgia, makineria elektrikoa, zurgintza, elikagai-industria, papergintza, eraikuntza, arte grafikoak eta galdategiak izan dira ehun industrial dibertsifikatuaren adibide. Gaur egun hiri post-industriala da, eta zerbitzuak dira sektoreen artean nagusi.

2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak herrian: lehen sektorea BEGaren %0,2. Bigarren sektorea %21,8. Hirugarren sektorea %72. Eraikuntza %6,1.[18]

Garapen ekonomiko postindustriala

aldatu

Desindustrializazio fase luzeari aurre egiteko, eta Herri Bizia berpizte ildoaren baitan Errenteria 2025 Plan Estrategikoa garatu zuen Errenteriako Udalak herriko eragile sozial eta ekonomikoekin batera.

Demografia

aldatu

Errenteriako biztanle kopuruaren igoera oso handia izan zen 1960ko hamarkadatik aurrera. Errenteria industria handiko gunea izaki (Papelera española, Niessen, CAMPSA...) eta ondoan industria gune garrantzitsuak edukita (Pasaiako portuaren ingurua batik bat), etorkin ugari heldu ziren herrira, sortutako lan eskaintza ugariak baliatzera. Langileotatik batzuk Gipuzkoakoak eta Nafarroakoak ziren, baina gehienak krisialdi latza zuten Espainiako lurraldeetakoak ziren, Extremadura, Gaztela eta Leon eta Andaluziakoak batik bat. Errenteriak biztanle kopuru gehiena 1975. urtean izan zuen, 46.360 herritarrekin.

Etorkin horientzat batez ere auzune handiak eraiki ziren, ia planifikaziorik gabe. Horren adibidea Beraun da. Horrek guztiak Errenteriaren itxura eta gizarte antolaketa guztiz aldatu zuen eta hirigintza arloan hainbat gatazka sortu. Errenteriako egungo hiri antolaketa kaotikoa (auzo berrietan zuzentzen ari dena) 1960 inguruko eraikitze horren ondorio da.

1980ko hamarkadatik aurrera eta, batez ere, 1990ekoan zehar, biztanleriak behera egin zuen Errenterian, pixkanaka-pixkanaka. 2006. urtean, berriz, beheranzko joera amaitu eta biztanleriak gora egin zuen, auzo berriak (Markola, Fanderia etab.) eraikitzearekin batera.

2019an 40.141 pertsona zeuden herrian. Horietatik %23,52k 65 urte edo gehiago zituen. Eta atzerrian jaiotakoak %9,69 ziren.[18]

2021eko datuen arabera, 39.219 biztanle zeuden, 2020ean aldiz, 39.540 biztanle zeuden, beraz, 321 biztanle gehiago. Azke urteetan, biztanleriaren beherakada nabarmena izaten ari da, bereziki pandemia ondorengo urteetan. Azken bi urte hauetan, jaiotza-tasari erreparatuz gero, nabaria da jeitsiera handia eman dela, 2020ean jaiotza tasa %5,24-koa izan zen aldiz 2021ean, %5,18-koa. Heriotzetan ere nabarmen hazi da tasa 2021ean %10,73 izanik.

Hortaz, begi bistakoa da jaiotza-tasa heriotza-tasarena baino baxuagoa dela nahiz eta duela urte batzuk alderantziz izan.

Biztanleriaren bilakaera

Politika

aldatu
 
Lino plazan, «Harresirik gabeko herria» mezua.
 
Udaletxea

2019ko udal hauteskundeetan, Euskal Herria Bildu koalizioak gehiengoa eskuratu zuen, 9 zinegotzirekin. Aurreko hauteskundeekin alderatuta, bigarren alderdiarekiko (PSE-EE) zuen abantaila handitu zuen. Aizpea Otaegi hautatu zuten alkate 2019an, aurretik egon zen Julen Mendozaren ordez.

Udal hauteskundeak

aldatu

Errenteriako udalbatza

Alderdia

2019

2015

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euskal Herria Bildu
9 / 21
6.942 (% 36,91)
7 / 21
5.938 (% 32,39)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE))
6 / 21
5.273 (% 28,04)
7 / 21
5.276 (% 28,78)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
3 / 21
3.012 (% 16.02)
3 / 21
2.725 (% 14,86)
Ahal Dugu*
3 / 21
2.656 (% 14,12)
4 / 21
3.518 (% 19,19)
*2015eko hauteskundeetan "Errenteria Irabaziz" gisa aurkeztu zen koalizioa.
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Alkateak

aldatu

Hauek izan dira Errenteriako azken alkateak:

Alkatea Agintaldi hasiera Agintaldi amaiera Alderdia[19]
Xabin Olaizola Lasa[19][20][21] 1979 1983 Herri Batasuna
Jose Maria Gurruchaga Zapirain[21][22] 1983 1987 Euskadiko Alderdi Sozialista
Miguel Angel Buen Lacambra[22][23] 1987 1991 Euskadiko Alderdi Sozialista
Miguel Angel Buen Lacambra[21][22][23] 1991 1995 Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra
Miguel Angel Buen Lacambra[22][23] 1995 1998 a Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra
Adrian Lopez Villegas[22] 1998 1999 Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra
Miguel Angel Buen Lacambra[22][23] 1999 2003 Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra
Miguel Angel Buen Lacambra[22][23] 2003 2005 b Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra
Juan Carlos Merino[22][24] 2005 2007 Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra
Juan Carlos Merino[22][25] 2007 2011 Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra
Julen Mendoza Perez[26] 2011 2015 Bildu
Julen Mendoza Perez[19] 2015 2019 Euskal Herria Bildu
Aizpea Otaegi Mitxelena[19] 2019 2023 Euskal Herria Bildu
Aizpea Otaegi Mitxelena 2023 Jardunean Euskal Herria Bildu

a Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu.

b Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu, Legebiltzarkide bezala hautatua izan zelako.

Memoria eta bizikidetza

aldatu

Errenterian 1956tik 2012ra bitarte izan diren giza eskubideen urraketei eta indarkeria-ekintzei buruzko txostena aurkeztu zuten herriko alderdi guztien adostasunarekin eta Argituz elkartearen eskutik, Julen Mendozaren agintaldian. 2015eko otsailean argitaratu zuten txosten mardula, eta bertan aipatutako tarte historikoan herrian edo kanpoan bertako herritarrek jasandako erailketak eta motibazio politikoa zuten bestelako indarkeria agerpenak jasotzen dituzte. Halaber, Miguel Buen, Angel Maria Elkano, José Manuel Ferradás, José Manuel Herzog, Garazi Lopez de Etxezarreta, Mari Jose Molina, Maite Peña, José Ángel Rodríguez eta Mikel Ugalderen testigantzak jaso zituzten.

Euskal Herriko lehenengo udalerria izan zen horrelako urrats bat ematen, eta atzetik Elgoibar, Lasarte-Oria, Arrasate eta Andoain etorri ziren 2018 arte, guztiak Gipuzkoako herriak.

Azpiegiturak

aldatu

Ikastetxeak

aldatu

Errenteriak ondoko ikastetxe hauek ditu:

  • Bihotz Sakratua Telleri-Alde Ikastetxea
  • Bizarain Ikastola
  • Cristobal Gamon
  • Don Bosco BHI
  • Egiluze
  • Koldo Mitxelena
  • Oiartzo Batxilergo Ikastola
  • Orereta Ikastola

Garraioak

aldatu

Errenteriak EuskoTrenen trenbide sareko hiru geltoki ditu, Fanderia-Agustinetan, Galtzarabordan eta Gaztaño-Erdialdean. Trenbide hori Topo izenaz da ezaguna[27]. Renferen sareak, halaber, geldigunea du Errenterian, Lezo-Errenteria deitua. Sare horretatik aldiriko trenak (Donostia eta Gipuzkoako hainbat herritara) eta eskualdekoak (Gasteizera doazenak) dabiltza, besteak beste[28].

Autobus zerbitzu publikoari dagokionez, Errenteriak ondoko linea hauek ditu, beste batzuen artean[28]:

Kultura

aldatu

Euskara

aldatu
Errenteriako hiztunen testigantzekin osatutako bideoa, Euskal Herriko Ahotsak[29][30] proiekturako egina, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.

Errenteriako euskara erdialdeko euskarari dagokio, tarteko euskararen parte den bidasoako euskara[31][32][33] hitz egiten da bertan, Pasaian, Lezon, Oiartzunen, Irunen eta Hondarrabian bezalaxe. Erdialdeko euskararen, euskara nafarraren eta nafar-lapurtarraren tarteko hizkeratzat har daiteke hau. Hala ere, azkenaldian erdialdeko ezaugarriak tarte handiagoa hartzen ari direla eta gehiago zabaltzen ari direla ematen du. 2016an herritar euskaldunak %42,91 ziren.[18]

Errenteriako Musika Banda

aldatu

Errenteriako Musika Banda edo Errenteriako Musika Kultur Elkartea Banda (EMKE banda) Errenteriako musika elkarte garrantzitsua da, 1864n sortua da. Haren presentzia nabarmena da Errenteriako Madalena jaietan, besteak beste.[34]

Kirola

aldatu
 
Errenteriako hiltegia izandakoa, Iztieta auzoan; gaur egun Hibaika Arraun Elkartearen egoitza da.

Errenterian ondorengo kirol elkarte hauek daude, besteak beste:[35][36]

 
2007ko Madalenak, herriko plazan.

Ondasun nabarmenak

aldatu
 
Errenteriako elizaren kanpai dorrea, alde zaharreko Goiko kaletik.

Errenteriako hirigune historikoak Erdi Aroko morfologiari eusten dio kaleen trazaketan, lur zatiketan eta etxadiak osatzeko moduan. Hirigune horretan sartzen dira antzinako herria zena eta baita ere XV. mendeko zabalkundea. Hirigune historikoaren bide nagusia Maddalen kalea da, Herriko Plaza osatuz zabaltzen den antzinako izkina.

Goiko kaleak, Eliz kaleak, Erdiko kaleak eta Beheko kaleak osatzen dute garai bateko harresiz inguratutako hiribildua. Hirigune hori handitu egin behar izan zen XV. mendean biztanle kopurua handitu zelako, Kapitanenea, Andra Mari eta Santsotena kaleek osatzen zuten hirukiaren bidez. Orduan beste harresi bat egin zuten herriko espazio berri horren inguruan. Apenas gelditzen da harresien arrastorik, baina Goiko kalean Torrekoa eta Morrontxo dorretxeek zutik diraute oraindik ere. Bi dorretxe horiek harresiaren zati ziren eta Nafarroako ateko sarrera zaintzen zuten.

Eraikinen tipologia era askotakoa da baina hiru eta lau solairutako mehelindun etxeak nagusitzen dira. Badira aurreko aldeak harrizko kontrahorma artean dituzten etxeak ere, garaieran aurreratzen direnak beheko solairuarekiko eta erremate gisa harburu landuzko teilategalak dituztenak. Aipatzekoak dira oinetxe armarridunak, bereziki, Zubiaurre Jauregia, Arranbide etxea eta Kapitanenea etxea. Hiriguneko eraikin aipagarriak dira, era berean, Jasokundeko Andre Mariaren Parroki Eliza, euskal estilo gotikokoa, eta udaletxea, XVII. mendean eraikia.

1996ko maiatzaren 7an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen Errenteriako hirigune historikoa, monumentu-multzo sailkapenarekin.[37]

 
Aitzetako Txabala (trikuharria).

Arkitektura

aldatu

Leku interesgarriak

aldatu

Errenteriar ospetsuak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Zerrenda:Errenteriar ospetsuak»

Errenteriar ospetsuen artean, Juan Frantzisko Petrirena "Xenpelar" bertsolaria, Koldobika Jauregi "Jautarkol" eta Mariasun Landa idazleak, Koldo Mitxelena hizkuntzalaria, Antonio Valverde margolaria, Jesus Maria Zamora futbolaria edota Agustina Otaola erraketista ditugu, besteak beste.

María Mendizabal Iturria (Errenteria, Gipuzkoa 1965eko abuztuak 6a) Ingeniaria, sopranoa eta aktorea da.

Herri senidetuak

aldatu

Iruditegia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  4. Herria ezagutzen - Errenteriako Udala[Betiko hautsitako esteka]
  5. Herria ezagutzen - Errenteriako Udala[Betiko hautsitako esteka] Errenteria
  6. Memoria y diagnóstico para la declaración de área Degradada del barrio de Beraun. Estudio socio-urbanístico del barrio de Beraun.. Errenteriako Udala, 10 or..[Betiko hautsitako esteka]
  7. Errenteriako Udala - Erdi Aroa, Errenteria, portu eta merkataritza-hiria[Betiko hautsitako esteka]
  8. a b Miguel Angel CRESPO RICO, José Ramón CRUZ MUNDEZ eta José Manuel GOMEZ LAGO: Colección documental del Archivo Municipal de Errenteria (1237-1500), Eusko Ikaskuntza, 1991.
  9. Euskaltzaindiaren Onomastika batzordea: «Errenteria eta Orereta izenez», Euskera, XL (2. aldia), 1996; 1025 eta 1026. orrialdeak. Euskaltzaindiaren osoko batzarrean onartutako testua.
  10. Errenteriako baserriak (Udal webgunea)[Betiko hautsitako esteka]
  11. Arizaga Bolumburu, Beatriz. LAS VILLAS GUIPUZCOANAS QUE RECIBEN EL FUERO DE SAN SEBASTIAN: MODOS DE VIDA DE SUS HABITANTES. .
  12. Fernández Pérez, Zaida; Maceira Ochoa, Luz. Errenteria, herri industriala: kontatu beharreko historia.. Errenteriako udala.
  13. a b Lourdes Odriozola: “1590tik 1730era Errenteria Euskal Herriko ontzigintza zentro nagusietako bat izan zen” – UEU365. (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).
  14. http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/fanderia/ar-64934/
  15. Ordozgoiti Juanenea, Koldo. (2021). Errenteria 1845-1903 Manchester Txikia (La pequeña Manchester). Errenteriako udala ISBN 978-84-949792-3-1..
  16. (Gaztelaniaz) Barcenilla, Miguel Angel. (1992). «Teseo» www.educacion.gob.es (UPV/EHU) (Noiz kontsultatua: 2021-09-11).
  17. a b (Ingelesez) Barcenilla, Miguel Ángel. «El pasado de Oarsoaldea.. Bilduma 27 (en euskera)» Issuu (Errenteriako udala) (Noiz kontsultatua: 2020-10-10).
  18. a b c «Web Eustat. Errenteriako datu estatistikoak» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-10).
  19. a b c d (Gaztelaniaz) «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2021-02-06).
  20. Xabin Olaizola (HB), Errenteriako alkateari eginiko elkarrizketa Argia, 927. zenbakia, 1982-03-21 (azken kontsulta: 2008-02-03)
  21. a b c (Gaztelaniaz) «Errenteria - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  22. a b c d e f g h i (Gaztelaniaz) «El PSE-EE reconoció la labor de sus cuatro alcaldes» El Diario Vasco 2008-10-12 (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  23. a b c d e (Gaztelaniaz) «Buen Lacambra, Miguel - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  24. (Gaztelaniaz) «Juan Carlos Merino, presentado como candidato a la Alcaldía por el PSE-EE» El Diario Vasco 2007-01-26 (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  25. «Merino dice que los intereses de Errenteria quedan protegidos con el desarrollo del Plan Especial del Puerto de Pasaia» Europa Press 2010-04-19 (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  26. (Gaztelaniaz) «Bildu gobernará en Rentería tras 28 años de alcaldías socialistas» El Correo 2011-06-11 (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  27. «Planoak | Drupal» www.euskotren.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-17).
  28. a b «Lineak eta geltokiak» www.mugi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-17).
  29. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
  30. Ahotsak Ahozko Ondarea. (2015-12-09). ERRENTERIAKO AHOTSAK. (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
  31. «Bidasoakoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).[Betiko hautsitako esteka]
  32. «Errenteria - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
  33. del Rio Rodríguez, Josep. [https://departament-filcat-linguistica.ub.edu/tesis-doctorals/errenteriako-hizkera-nafarreraren-eta-erdialdekoaren-artean-dabilena-el-parlar-d «Errenteriako hizkera, nafarreraren eta erdialdekoaren artean dabilena. (Zuzendariak: Itziar Aduriz i Koldo Zuazo) El parlar d'Errenteria, a cavall entre el navarrès i el basc central | Departament de Filologia Catalana i Lingüística General»] departament-filcat-linguistica.ub.edu (Universitat de Barcelona) (Noiz kontsultatua: 2021-07-09).
  34. «ERRENTERIAKO MUSIKA KULTUR ELKARTEA - ASOCIACIÓN DE CULTURA MUSICAL DE RENTERÍA» www.euskadi.eus 2013-09-19 (Noiz kontsultatua: 2021-07-10).
  35. Errenteriako Udala Kirol federatua (Azken kontsulta: 2011-04-04)
  36. Errenteriako Udala Eskolako Kirola (Azken kontsulta: 2011-04-04)
  37. Monumentu-multzo izendapena[Betiko hautsitako esteka], Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa