Energiaren Nazioarteko Erakundea
Energiaren Nazioarteko Erakundea estatu arteko erakundea da, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeari lotua dagoena, eta helburutzat energiari buruzko gaietan kide diren herrialdeen artean lankidetzan jardutea duena.
Energiaren Nazioarteko Erakundea | |
---|---|
Datuak | |
Mota | gobernu arteko erakundea |
Herrialdea | Frantzia |
Jarduera | |
Honen parte | Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea |
Agintea | |
Zuzendari exekutiboa | Fatih Birol (mul) |
Egoitza nagusi | |
Egoitza nagusi | |
Historia | |
Sorrera | 1974 |
webgune ofiziala |
1974an sortu zuten, eta egoitza Parisen du. Herrialde hauek dira erakunde honetako kide: Alemania, Australia, Austria, Belgika, Danimarka, Erresuma Batua, Eslovakia, Espainia, Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Hego Korea, Hungaria, Irlandako Errepublika, Italia, Japonia, Kanada, Luxenburgo, Norvegia, Polonia, Portugal, Suedia, Suitza, Turkia, Txekiar Errepublika eta Zeelanda Berria.
Egitura
aldatuOrgano erabakitzailea Zuzendaritza Batzordea da; energian adituak diren goi-funtzionarioek osatzen dute, eta urtean zenbait aldiz bilera egiten dituzte. Ministerio mailako bilerak, berriz, bi urtean behin egiten dituzte. Zuzendaritzaren egitekoa, alde batetik, erakundearen ekintzak zuzentzea eta erakundearen erabaki politiko nagusiak betearaztea da; bestetik, mundu osoan energiaren egoera ez ezik, herrialde bakoitzak alor honetan ezarritako politikak ere aztertzea eta begiratzea da, horren arabera eskaria eta etorkizunerako hornidura neurtzeko, energia alternatiboak bilatzeko politikak erabakitzeko, eta petrolioa ekoizten eta kontsumitzen duten herrialdeen artean baldintza ekonomiko hobeak aurkitzen saiatzeko. Erakundearen idazkaritza herrialde bakoitzak izendatutako adituek osatzen dute. Horiek Zuzendaritza Batzordeari, Ikerketa Taldeei eta Batzorde Berezituei laguntzen diete. Gainera, energiari buruzko datuak bildu eta aztertzen ditu, kide diren herrialdeetako energia-alorreko politikak eta programak balioesteaz arduratzen da, leku eta testuinguru desberdinetan oinarritutako proiekzioak egiten ditu, eta baita ikerketa eta gomendioak ere.
Helburuak
aldatuHauek dira erakundearen helburu nagusietako batzuk: petrolio-horniduraren etenei aurre egiteko sistemak mantentzea eta hobetzea; mundu-mailan energia-politika arrazionalak bultzatzea, erakundeko kide ez diren herrialde, industria eta nazioarteko erakundeen arteko laguntza erlazioen bidez; petrolioaren nazioarteko merkatuari buruzko informazio etengabea emateko sistema bat garatzea; energiaren hornidura eta eskariaren egitura hobetzea munduan, energia-iturri alternatiboen bidez eta energiaren erabileraren errendimendua igoaz; eta energiaren politiketan ingurumenaren aldeko politikak ezartzen laguntzea.
Helburu partekatuak
aldatu24 kideek, 1993an Parisen bildurik, garapen ekonomiko iraunarazgarriari laguntzeko, zenbait helburu erabaki zituzten: merkatu librea ezartzea; nazioarteko merkatuen arteko lan eraginkorrak eta parte-hartzaileen arteko elkarrizketa bultzatzea; larrialdietan petrolio-erreserbak erakundeko kideen artean partekatzea; merkataritza-erabakiak hartzerakoan ingurumena kontuan hartzea, eta ingurumenari buruzko erabakiek ere energia-jarduerak aintzat hartzea; energia-errendimenduaren hobekuntza, ingurumena zaintzeko eta segurtasuna kostu-errendimendu erlazio onean lortzeko; errendimendu hori igotzeko gobernuen eta erabiltzaileen ahalegina baliatzea; teknologia berriak bultzatzea, baita industria eta kide ez diren herrialdeekiko parte-hartzea eskatuz ere; prezioak hornidura kostuen azpitik artifizialki ez jaistea; eta herrialde kideen arteko lankidetza, besteak beste, garapen eraginkorra izateko, ingurumena zaintzeko, energia-sistemen malgutasunerako eta mundu osoan merkatuak garatzen laguntzeko.
Ikerketa Taldeak eta Batzorde Berezituak
aldatuZuzendaritza Batzodeak bi talde horien laguntza jasotzen du. Ikerketa Taldeak dira: Emergency Questions, SEQ (Larrialdietarako Ikerketa Taldea), Oil Markets, SOM (Petrolio Merkatuaren Ikerketa Taldea) eta Long-Term Co-operation, SLT (Epe luzerako Lankidetzarako Ikerketa Taldea). Batzordeak, berriz, Committee on Non-Member Countries, CNMC (Kide Ez diren Herrialdeen Batzordea) eta Committee on Energy Research and Technology, CERT (Energiaren Ikerketarako eta Teknologiarako Batzordea) dira.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.