Eskola jazarpen
Eskola Jazarpena
HAUR ETA NERABEEN ARRETARAKO ZEUK ESAN[1] TELEFONOA: 116111 (Nazioarteko telefono zk. bateratua) (Eusko Jaurlaritza - Familia Politika eta Aniztasuna) |
Eskola jazarpena (ingelesez: school bullying) ikasle batek bere eskolan beste ikasleen eskutik jasaten duen jazarpen eta eraso-egoera jarraitua da. Jazarriak gutxiespenak, irainak, txantxak, iseka, kolpeak eta bestelako eraso fisiko eta psikologikoak pairatzen ditu eskola jazarpenean, erasotzaileen botereari edo indarrari aurre egin ezinik, eta azkenik jazarria mendekotasun-egoera batera doa.
Eskola jazarpenaren ondorioak larriak dira biktimentzat: estresa, estutasuna, beldurra eta depresioa ere jasaten dituzte eta kasu batzuetan biktimak suizidiora ere heldu dira. Eskola jazarpena betidanik gertatu bada ere, Dan Olweus suediar irakaslea hasi zen arazoa aztertzen Suediako eskoletan 1970eko hamarkadan. Antzina, eskoletako ohiko fenomeno naturala edo zela uste bazen ere, XX. mendeko bukaeratik egindako ikerketek eta jazarpen-kasu jakinetan hedabideek jarri duten arreta gizartean kezka berezia sortu duen arazo bilakatu da, mundu osoko eskoletako arazoa dela frogatzearekin batera. Horretaz jabeturik, anitz dira arazoari aurre egiteko ekimenak hezkuntza-arduradunen aldetik.
Kontzeptualizazioa
aldatuEskola erakunde hezitzaile moduan zabaldu zen XIX. mendetik jasotzen dira eskola jazarpenari buruzko erreferentziak. Esaterako, 1857 urteko Tom Brown's Schoolday eleberriak (Tom Brownen eskola-egunak, euskaraz) eskola-jazarpena du gaietako bat.[2] Hala ere, 1970eko hamarkadara arte gaiari ez zitzaion arreta berezirik jarri. Hain zuzen, 1969 urtean Peter Paul Heinemann suediar medikuak zabalkuntza handia izan zuen eskola jazarpenari buruzko artikulu idatzi zuen, arrazakeriaren inguruan. Artikuluan mobbing hitza erabili zuen egoera horretarako, espezie batzuetan animalia-saldok banako baten aurka burutzen zuen erasoa izendatzeko Konrad Lorenz etologoak baliatuz zuen terminoa hartuz. Dan Olweus suediar ikerlariak gaia sakontasunez aztertu eta 1978 urtean bere ikerketaren ingelesezko itzulpenean bullying terminoa baliatu zuen eskola jazarpena izendatzeko; izan ere, mobbing egoera ez bezala, bullying, school bullying edo eskola jazarpena egoera jarraitua, nahita eta propio egindakoa eta ikasle bakar edo bakan batzuek eragindakoa izaten baita.[3][4]Nazioartean ere, maiz erabiltzen den terminoa da ingelesezko bullying, herrialde jakin batzuetan arazoak ezaugarri bereziak dituen arren; esaterako, Japoniako eskola jazarpenaren berezitasunak direla eta, hango eskola jazarpenari buruzko erreferentzia egitean japoniera jatorritzat duen ijime terminoa erabiltzen da.[5]
Eskola jazarpenari aurre egiteko politikak behar bezala diseinatu, arazoak sorrarazi duen gizarte kezka eta eragin mediatikoa direla eta ikaslearen egoera behar bezala mugatzearren, beharrezkoa da fenomenoaren definizio zehatza egitea da. Egun hau da onartzen den definizioa: eskola jazarpena ikasle baten aurkako eraso eta jokabide negatibo iraunkorra da, beste ikasle bat edo batzuen aldetik, nahita eta modu kontzientean eragindakoa, mendekotasunezkoa eta asimetrikoa (jazarritako ikasleak horri aurre egiteko ahalmen gutxitua du) eta biktimizazio ondorioak dituena.[3] Horrela, ez dira eskola jazarpentzat hartu behar, larriak ere izan daitezkeen arren, haurren arteko borrokaldiak, txantxak, lapurretak eta legez kanpoko eraso puntualak.[6]
Eskola jazarpena gizartean gertatzen diren beste indarkeria mota batzuekin harremana baduela defendatu izan da[7].
Jokabideak eskola-jazarpenean
aldatuAnitz dira eskola jazarpenean barne hartzen diren jokabide motak. Tratu txar eta indarkeria maila desberdinekoak badira ere (indarkeria fisiko zuzenetik tratu txar subliminalagoetara), horien helburua beti berdina da: kideak diren haur eta gazteen artean mendekotasun-harreman bat ezartzea. Jokabide aniztasun horretan jazarpen fisikoa, hitzezkoa eta bazterketazkoa bereizten dira alde batetik; beste alde batetik, agerikoa (jazarpena agerian burutzen denean eta jazarlea zein den jakina denean) eta zeharkakoa (jazarpena ezkutuan egiten denean) izan daiteke; azkenik, jazarpen zuzena (jazarpena pairatzen duena zuzenean erasotzen denean) eta harremanezko jazarpena (jazarpena pairatzen duenaren difamazioa eta haren bazterketa soziala bilatzen denean):[8]
Jazarpen-jokabidea Fisikoa Hitzezkoa Bazterketazkoa Agerikoa Kolpeak, zerbait egitera behartu, jipoiak,
bultzakadak, sexu kutsuko ukipenakMehatxuak, iseka, irainak, ezizenak jartzea,
imintzioak, barregarri uzteaTaldetik baztertzea Zeharkakoa Objektuak lapurtzea, puskatzea, ezkutatzea Gaizki esaka aritzea,
esamesak sortzeaKasurik ez egitea, gutxiestea
Erasoen azpiko edukiari dagokionez ere, jazarpen mota bereziak daude:
- eskola jazarpen arrazista, erasoetan arrazakeria nabarmena denean; hala ere, gerta liteke arrazakeria gertatzea jazarpenik izan gabe eta beste herri eta bateko haurren aurka jazarpena egotea, arrazakeria osagai nagusia izan gabe;
- eskola jazarpen sexuala; hala nola, jazarriaren sexualitate eta sexu praktikei buruz zurrumurruak zabaltzea, jazarriak nahi ez dituen ukipenak egitea, sexu praktikak egitera behartzea, jazarriaren sexu-atributuak nabarmentzea;
- jazarpen homofobikoa, euren burua homosexualtzat aitortu dutenen eta euren hizkera, janzkera edo jokabideagatik homosexualtzat jotzen direnen aurkakoa. Egindako ikerketen arabera, pertsona hauen aurkako eskola jazarpena da maiztasun handienez gertatzen dena, %80ra heltzen baita;
- hezkuntza behar bereziak dituzten haurren aurkako jazarpena; hala nola, barregarri uztea, imitazioa eta isolamendua;
- biktimaren ezaugarri fisiko edo kultural, ——hitz egiteko era, esate baterako——, bat aitzakiatzat hartzen duen jazarpena biktimari iseka egiteko;
- ziberjazarpena, eskolaz haraindi, sare sozialetan, posta elektronikoz, txatez, eta telefonia mugikorrez zabaldutako mezu eta adierazpenen bitartez garatzen dena[9].
Eskola jazarpenaren maiztasuna
aldatuEskola jazarpena ohiko arazoa da eskoletan. Areago, fenomeno orokorra da eta ia ikasle guztiak jazarpen egoera bateko partaide edo lekuko izan direla egiaztatu mundu osoko hainbat ikerketetan. Hala ere, leku batetik bestera jazarpenaren prebalentzia oso aldakorra dela egiaztatu da.[10] Inoiz eskola jazarpena jasan duten lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleak %40-%80 bitartean direla ere jaso da.[11][12] Une jakin batean jazarpen-egoera pairatzen dutenen ikasleen portzentajea %9tik %32ra bitartekoa dela zenbatetsi da toki batzuetan, %4-%27ak jazarleak ziren bitartean.[10]
Adinaren arabera
aldatuEskola jazarpena lehen eta bigarren hezkuntzako edozein mailatan gertatzen bada ere, 13 urte inguruan gertatzen da maiztasun handienaz, biktima nahiz jazarleen aldetik. Adin horretatik aurrera, gazteek jazarpenari aurre egiteko baliabide gehiago izaten dituzte, jazarlearen aurrean nola jokatu hobeto dakielako, bere kabuz nahiz eskolako eragileei laguntza eskatuz. Erasotzaileen aldetik ere, adin horretatik aurrera gazteak indarkeriaren aurkako jarrera barneratzen joaten direla baieztatu da, adin altuetan jazarpen mota subliminalagoak izateko joera izaten dutela egiaztatu bada ere. [13]
Partaideak eskola jazarpenean
aldatuHainbat partaide bereizten da eskola jazarpenean. Alde batetik, jazarle edo erasotzaileak daude; bestetik, jazarpenaren biktimak. Bigarren mailako partaideak badaude: ikasle lekukoak eta helduak, askotan modu pasiboak jokatzen badute ere, jazarpenari aurre egiterakoan ardura handia dutenak.
Jazarleak
aldatuJazarlea eragile menderatzailea da, biktima modu jarraituan erasotzen duena. Haur guztiek une jakinetan indarkeria erabiltzen badute ere, nabarmendu behar da jazarleak modu jarraituan burutzen dituela erasoak. Erasoetan parte hartzeko modu anitz dago, ordea, eta beraz jazarle tipologia ere era daiteke:
- jazarle aktiboa, modu zuzen eta agerikoan erasoak burutzen dituena da. Egindakoaz harro azaltzen dira eta eskolako aginteari aurre egiten diote.
- jazarle sozial zeharkakoa edo esku beltza, ezkutuan jarraitzaileak manipulatu egiten dituena biktima erasotzeko.
- jazarle pasiboa edo jarraitzailea, jazarle aktiboa lagundu eta babestu egiten dutenak, bere erasoak goraipatuz. Berez ez dira gazte erasokorrak izaten eta liderraren babesa bilatzen dute, batzuetan haren beldur jokatuz. Beste batzuetan, gazte herabeak dira, erasotzailearen oldarra eta indarra miretsi eta imitazioz jokatzen dutenak.[14]
Hala ere, batzuetan taldekako erasoetan ere parte hartzen dute, liderrak erasoa egiteko erabakiari jarraiki.
Jazarlearen ikuspuntutik, erasoen tipologia ere eratu da: eraso proaktiboak daude alde batetik, helburu jakin bat lortzeko burutzen direnak (ospea, mesede edo abantaila bat, kontrola...), eta eraso erreaktiboak, egoera bati aurre egiteko burutzen direnak, ustezko defentsa moduan, maiz errealitatearen ikuspuntu oker batetik abiarazita.
Jazarleen ezaugarriei buruz, bereziki jazarle aktiboari dagokionean[ohar 1], oldartsua, enpatia eta erruduntasun-sentimenduen eza, erasokorrak eta autoestimu handikoak izaten direla aipatu da. Aldi berean, ezaugarri psikologikoak garrantzitsuagotzat jotzen badira ere, ezaugarri fisikoak ere jaso dira: erasotzaileak biktimak baino indartsuagoak izaten dira. Jazarleek ezaugarri sozial nabarmenak ere izaten dituzte: eskolan integratu gabeak, errendimendu akademiko eskasarekin, hautsi diren edo beste arazoak dituzten familia etorriak, familiako hezkuntza desegokia eta indarkeriaren kulturan sartua.[15]
Biktimak
aldatuJazarpenaren biktimak jazarpena osatzen duten irainak, iseka, umiliazioak, mehatxuak eta gainerako erasoak pairatzen dituena da. Gehienetan jazarleak biktima bera baino ahulago ikusten duelako aukeratzen du. Biktimek ere ezaugarri fisiko, psikologiko eta sozial bereziak izaten dituzte, ezaugarri horiek beti agertzen ez badira ere. Biktimen ezaugarri psikologikoei dagokienean, biktimak haur eta gaztetxo ahulak, sentikorrak, lasaiak, zuhurrak, herabeak, aise nahigabetzen direnak, autoestimu eskasekoak, heldugabeak eta euren burua defendatzeko gai ez direnak izaten dira.
Biktimen sexuaren garrantziari buruz eztabaida dago: mutilak jazarpen fisikoago baten biktima izaten dira, neskek jazarpen psikologikoa pairatzen duten bitartean, beste batzuen arabera mutilak izaten dira gehienetan biktimak, Japonian ezik non ijime motako jazarpenaren biktimak neskak diren maiztasun handiagoaz[16].
Biktimak ezaugarri fisiko bereziak izaten ditu erasotzaileen ikuspegitik: txikia edo lodia izatea, betaurrekoak izatea, azalaren kolorea, janzkera, ilea edo bestelako hazpegi bereziak. Ikerlari batzuen ustez (Dan Olweus, kasu) ezaugarri fisiko berezi hauek ez dira jazarpenaren abiarazleak, bitartekoak baizik, biktima besteen aurrean barregarri uzteko hain zuzen[ohar 2]
Ezaugarri sozialei dagokienean, ikaskideekin harreman eskasak izaten dituzte, lagun gutxi dituzte —hain zuzen, ez dira babesa emango liekeen talde baten partaide izaten—, talde-jardueretan gutxi parte hartzen dute, etxezuloak izaten dira eta maiz gurasoen babes handia izaten dute, babes hau jazarpenaren kausa nahiz efektu dela baieztatu bada ere.[17] Batzuetan, biktimak errendimendu akademiko bikaina eta trebezia berezi bat dutenak dira, inbidiaz, euren burua gutxietsita ikusteagatik edo besterik gabe aparteko ikasleak direlako erasotzaileak jomugatzat hartzen dutenak. Beste batzuetan, arestian aipatutako ezaugarriez haraindi, uneko gertakari batek abiarazten du jazarpena (pixa soinean egitea, esaterako).[18]
Beste alde batetik, biktima pasiboek (isilak, herabeak eta erasoari erantzuten ez diotenak) gehiengoa osatzen badute ere, badira biktima erreaktiboak, erasotzaileari aurre egiten diotenak; kasu horietan, erasotzaileak jomuga errazagoak bilatu eta jazarpena bertan behera utzi egiten du gehienetan. Biktima erasokorrak ere badaude, euren jazarpenari beste batzuei jazarpena eginez erantzuten diotenak. Azkenik, badira biktima probokatzaileak, beste ikasleen artean erreakzio negatiboak bilatzen dituztenak eta antsietatez eta erasokortasunez jokatzen dutenak.[19][20].
Ikusleak
aldatuIkusle edo lekukoak jazarpenaren berri dutenak dira, jazarle eta zuzeneko biktima izan gabe. Jazarpenari aurre egiteko funtsezkoa da multzo honen parte hartzea eta laguntza jazarpen-egoerak hauteman eta horiei aurre egiteko. Zeharkako biktimatzat jo daitezke batzuetan, jazarleak egiten dituenak ikusita beldurra eta mendekotasuna ere pairatzen baitituzte zenbait kasutan. Beste egoera batzuetan, jazarpena iraunarazi egiten dute, erasoak jazarlearen balentriatzat edo gertakari arrunt, hutsal eta barregarri moduan hartuz; izan ere, jazarleak erasoak beste ikasleek ikus ditzaten burutzen ditu, bere nagusitasuna argi gera dadin, izuaz nahiz mirespenaz. Horrela, jazarpena bi aldeko ez baizik eta hiru aldeko fenomenoa dela baieztatu da: biktima(k), jazarlea(k) eta lekukoa(k). Areago, ikusle eta lekukoen rola ezinbestekotzat jotzen da jazarpen egoera iraunarazi nahiz horri amaiera emateko.
Ikusleen multzoan jokamolde zenbait bereizten dira jazarpenaren aurrean:
- ikusle aktiboak erasotzaileari zuzenean aurre egin, biktimari laguntza eskaini eta eskolako irakasleei egoeraren berri ematen dietenak dira. Frogatu da ikusle aktiboak dauden kasuetan, jazarpen-egoerak azkar hauteman eta konpontzen direla. Gutxiengo dira eta jazarpenaren aurkako politiken helburua ikusle pasiboak ikusle aktibo bilakatzea da.
- ikusle pasiboak, jazarpenaren berri izan baina horri aurre egiteko ezer egiten ez dutenak, biktimaren alde azaltzeagatik beraiek ere biktima bilakatuko diren beldurrez, istiluetan ez sartzeagatik edota, ikusle amoralarengandik are eta gertuago, biktimarekiko enpatia ezaz. Ikusleen artean pasiboak gehiengo dira eta jazarpen egoerak aurrera jarraitzeko faktore giltzarri direla baieztatu da, jazarleen erasoak iraunarazi egiten baitituzte horrela.
- ikusle amoralak, jazarpenaren salaketaren ardura besteei egotzi, jazarpena justifikatu eta batzuetan ere sustatu egiten duten lekukoak dira, biktimaren erasoen aurrean barre eginez adibidez, erasoetan zuzenean parte hartzen ez badute ere. Jazarlea ikusle amoral hauen agente eta ordezkari hutsa dela ere baieztatu da.[21]
Aurreko tipologia ezin da zehatz eta modu finko eta esklusiboan aplikatu, ikusle jarrera konkretu batek berezitasunak eta ñabardurak. Tipologia zabalagoak ere ezarri dira. Bestalde, badago arriskua ikusle pasibo izatetik ikusle amoral izatera iragateko. Ikusle amoral izatetik jarraitzaile izatera ere iragaten dira ikasleak, erasotzailea lider edo nagusi moduan, zigorgabe eta menderatzaile, ikusita. Era beretsuan, badago joera ikusle pasibo moduan jarduteko, besteek ere modu horretan jokatzen dutela ikusten bada.[22] [23]
Prebentzioa, probentzioa
aldatuEskola sistemaren ardura nagusietako bat izan beharko luke eskola jazarpenari aurrea hartzea eta aurre egitea. Eskola sistemak elkarbizitza zaintzeko eta etengabe hobetzeko neurriak[24][25][26] hartu beharko lituzke; bazterkeriak saihesteko, lagun-giroa, lankidetza, auzolana, kooperazio-giroa sustatzeko neurriak.
Balizko eskola jazarpena egon den kasuetan protokoloak egon beharko lirateke eta jazarpen kasuak ez gertatzeko, prebenitzeko, etengabeko lana egin beharko litzateke.
Gaia eskolan lantzeko materialak
aldatu- RUIZ CABESTANY, Nuria: Eman bostekoa Elkar. 2006.
Gaiari buruzko ikerketak EAEn
aldatuISEI-IVEI erakundeak eskola jazarpenari buruzko hainbat txosten[27] argitaratu ditu.
Gaia literaturan
aldatu- MONTOIA, Xabier: Gasteizko hondartzak Susa. 1997. Bertan honako ipuin hau: "Marrazki bizidunak" 235-258 orrialdeak.
- MORILLO, Fernando: Zauri ezkutuak, Bullying-a eskolan. Gaumin. 2014.
- (Gaztelaniaz) María Baranda: Invisible[Betiko hautsitako esteka]. Grupo ed. Norma.
« | Eskola Jazarpena HAUR ETA NERABEEN ARRETARAKO TELEFONOA: 116111 (Nazioarteko telefono zk. bateratua) ZEUK ESAN[1]
(Eusko Jaurlaritza - Familia Politika eta Aniztasuna). |
» |
Bibliografia
aldatu- Bibliografia (Gaztelaniaz) Bizikasi ekimenaren webgunea.
- Bizikasi ekimenaren webgunean honako liburu hauek nabarmentzen dituzte: Bibliografia hautatua (Gaztelaniaz).
- Bizikasi ekimenaren webgunean honako testu labur eskaintzen dituzte: Irakurgaiak (Gaztelaniaz).
- Bizikasi ekimenaren webgunean honako gida hauek zerrendatzen dituzte: Gidak.
- Bizikasi ekimenaren webgunean honako ikerketa hauek zerrendatzen dituzte: Ikerketak.
Oharrak
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ a b Zeuk Esan, .. «Zeuk esan, haurtzarorako eta nerabezarorako laguntza telefonoa - Eusko Jaurlaritza - Familia Politika eta Aniztasuna - Euskadi.eus» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
- ↑ (Ingelesez) Old-School Sweetheart to Modern-Day Menace: The History of the Word Bully, promoteprevent.org, 2013-08-31an kontsultatua.
- ↑ a b (Ingelesez) Olweus, Dan. (2009). «Understanding and Researching Bullying» Handbook of Bullying in Schools: An International Perspective..
- ↑ (Ingelesez) Roland, Erling. (1989). «Bullying: The Scandinavian Research Tradition» Bullying in Schools: 21..
- ↑ (Ingelesez) Taki, Mitsuru. (2001). Japanese School Bullying: Ijime. ..
- ↑ (Gaztelaniaz) Avilés Martínez, Jose María (et alii),. El maltrato entre iguales. Bullying. , 82-83 or..
- ↑ Gontzal Uriarte, Kaiera (Blogean). (2019-03-14). Bullyinga: genero-indarkeriaren aurrekaria. (Noiz kontsultatua: 2019-03-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) Collell i Caralt, Jordi; Escudé Miquel, Carme. (2006). El acoso escolar: un estudio psipatológico. .
- ↑ Avilés Martínez, Jose María (et alii).. op. cit.. , 102-103 or..
- ↑ a b (Ingelesez) Update on bullying at school: Science forgotten?[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Ingelesez) Bullying: A Module for Teachers, American Psychological Association, 2013-09-10ean kontsultatua.
- ↑ (Ingelesez) The incidence of peer bullying as multiple maltreatment among Spanish secondary school students, International Journal of Psychology and Psychological Therapy, 2008.
- ↑ (Gaztelaniaz) Avilés Martínez, Jose María. op. cit.. , 142-145 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Serrate, Rosa. (2007). Bullying: acoso escolar. , 159 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Serrate, Rosa. (2007). Bullying: acoso escolar. , 121-132 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Serrate, Rosa. Bullying: acoso escolar. , 103 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Serrate, Rosa. Bullying: acoso escolar. , 105 or..
- ↑ Avilés Martínez, Bullying: el maltrato entre iguales, 125 or.
- ↑ (Gaztelaniaz) Serrate, Rosa. (2007). Bullying: acoso escolar. , 99-101 or..
- ↑ Avilés Martínez, Bullying: el maltrato entre iguales, 123-124 or.
- ↑ (Ingelesez) Position Statement Regarding Understanding and Preventing Bullying in Our Society[Betiko hautsitako esteka], American Psychoanalytic Association (APsaA), 2013-09-21ean kontsultatua.
- ↑ (Ingelesez) The Etiological Cast to the Role of the Bystander in the Social Architechture of Bullying and Violence in Schools and Communities
- ↑ (Ingelesez) The Role of the Bystander in the Social Architecture of Bullying and Violence in Schools and Communities[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ «Jazarpena prebenitzeko probentzioa» bizikasi.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-21).
- ↑ Cascón Soriano, Paco. «Educar en y para el conflicto» pacoc.pangea.org UNED (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
- ↑ Iraola, Arantxa. (2015-05-31). «Prebentzioaren ordez, «probentzioa» xede» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-10-08).
- ↑ «Berdinen arteko tratu txarrak - ISEI - IVEI» www.isei-ivei.hezkuntza.net (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Bizikasi ekimenaren webgunean beste webgune hauek zerrendatzen dituzte: Webgune helbideak.
- EHIGE - Eskola jazarpena - Baliabideak.
- José Mª Avilés Martínez, Bullying. Ikasleen artean beldurraraztea eta tratu txarra ematea. Argitaratzailea: STEE-EILAS. ISBN: 84/93/2081-3-2[Betiko hautsitako esteka]. 60. orrialde. Argitalpenean ez da ikusten euskaratzailearen izena. Argitalpenaren azken orrialdeetan gaztelaniazko eta ingelesezko oinarrizko bibliografia.
- Naiara Ozamiz eta Miren Agurtzane Ortiz: "Eskola- eta lan-jazarpena: aurre egin diezaiokegu guztion artean". Hik hasi. 2018-06-01.
- Gasteizko Berritzegunea. Eskola-jazarpen egoeretan jarduteko EAEko protokoloa.
- Eusko Jaurlaritzako Hezk. Saila. Eskola jazarpen kasuetan ikastetxeetan jarduteko gida.
- Eusko Jaurlaritzako Hezk. Saila. Protokolo batzuk.[Betiko hautsitako esteka]
- Eusko Jaurlaritzako Hezk. Saila. Bizikasi ekimena.
- Eusko Jaurlaritzako Hezk. Saila. Zer da Bizikasi?[Betiko hautsitako esteka]
- Eusko Jaurlaritzako Hezk. Saila: Ken diezaiogun mozorroa bullyingari[Betiko hautsitako esteka].
- ISEI-IVEI Bullying 2009 Txostena.
- ISEI-IVEI Tratu txarrak.
- (Gaztelaniaz) ISEI-IVEI Bullying en primaria[Betiko hautsitako esteka].
- ISEI-IVEI Bullying.
- Zeuk Esan, haurtzaroko eta nerabezarorako laguntza telefonoa 116111 (nazioarteko telefono zenbaki bateratua)- Eusko Jaurlaritza - Familia Politika eta Aniztasuna - Euskadi.eus[Betiko hautsitako esteka]. Telefono zenbaki honekin Europa osoan laguntza jaso daiteke eskola jazarpen kontuetan eta beste hainbat kontutan.