Bernabe Garamendi
Bernabe Garamendi Zaldibar, edo gaztelaniaz: Bernabé de Garamendi Zaldívar, (Bilbo, 1833ko ekainaren 8a - 1898ko abuztuaren 27a) bizkaitar eskultorea izan zen. Hasieran, Italiara bidaiatu behar izan zuen; gero Bilbora itzuli zen lan egiteko, eta 1886tik Begoñako Errepublikan bizi izan zen.[1][2][3][4]
Bernabe Garamendi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bilbo, 1833ko ekainaren 8a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Bizilekua | Begoñako errepublika Bilbo |
Heriotza | 1898ko abuztuaren 27a (65 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | artista eta eskultorea |
Eskulturgintza erromantizistaren barruan kokatzen da bere obra, planteamendu nabarmen eklektiko batekin, forma klasikoak, gotikoak, errenazentistak, barrokoak eta abar erabili eta konbinatzera eraman zuena, egoeraren eta enkargu motaren arabera. Bere bizitzan zehar, hainbat erakusketatan parte hartu zuen, hala estatukoetan nola probintziakoetan. Bere lanik aipagarrienak eskultura monumentala eta hilerrietakoa izan ziren, eta horietan proiektu handiak egin zituen, hala nola Lekeitioko Uribarren eta Agirrebengoatarren mausoleoa edo Bilboko udaletxearen eskultura-dekorazioa, Legearen eta Justiziaren irudiak buru zirela.[1]
Bizitza eta lanak
aldatuBizimodua hobetzeko asmoz Bizkaiko hiriburura joan zen Otxandioko familia apal batean jaio zen. Gerora, familia horretako zenbait kidek joera artistiko finak erakutsi zituzten; esaterako, lehengusuetako bat, Edesio Garamendi González de la Mata (1849-1899), Bilboko udal arkitektoa izan zen. Ez dago datu askorik Garamendiren eskultore-formazioari buruz, salbu eta, garai hartan nahiko ohikoa zen moduan, Italiara bidaiatu behar izan zuela arteaz ikasteko. Jaioterrira itzultzean bere lantegia ireki zuen, artista gazteagorentzat oso baliagarria izan zena Serafin Basterra Egiluz izan zen gazte horietako bat (1850-1927), eta Garamendiren bazkide bihurtuko zen geroago.[1]
1876ko Abantoko lurretan “Zabalgune Plana” onartu ondoren Bilbok izan zuen hedapen ekonomikoaren eta hirigintza- eta arkitektura-eraldaketaren prozesuaz baliatu zen Bernabe Garamendi. Urte haietan, hiriak aukera ugari eta garrantzitsuak eskaintzen zizkion eskultore bati, bai enkargu publikoen eremuan, bai eremu pribatuan, batez ere 1890 baino lehen, orduan udalerrian ezarritako eskultore kopurua oso txikia zen eta. Faktore horiek, bere trebetasunarekin batera, azaltzen dute bizimodu erosoa lortu zuela, eta horri esker dirutza txiki bat pilatu, inbertsio eta higiezinen sustapen batzuk egin eta arte-bilduma bat osatu zuela.[1]
Bilboko Foruen kalean eta Plaza Barrian zituen lantegiak. 1875ean Serafin Basterrarekin elkartu zen, eta biak ezkongabe zeudenez, etxebizitza berean bizi izan ziren, Somera kaleko 8 eta 10.ean. 1886an Begoñara joan zen bizitzera, berak sortu zuen etxea geroago Begoñako herriari eman zion dohaintzan, haur eskola izateko, eta hori dela eta, 1907an monumentu txiki bat egin zioten. Monumentua Higinio Basterrak egin zuen, 1918an arrandia handiz inauguratutako panteoiaren egilea ere izan zena.[3]
Lankidearekin batera, garai hartako eskultura oso garrantzitsu ugaritan esku hartu zuen; besteak beste, Durangon Pedro Pablo de Astarloari egindako monumentuan (1886), Lekeitioko Uribarren eta Agirrebengoaren mausoleoan (1886) eta Bilboko Udaletxeko sei estatuatan (1892ko apirilaren 17an inauguratu ziren).[3]
Lanak eta sariak
aldatuHari emandako sarien artean, hauek aipa daitezke: [3]
- 1871ko Erakusketako Isabel Katolikoaren Gurutze Handia (Gran Cruz de Isabel la Católica)
- 1897ko Eskualdeko Erakusketan (Exposición Regional) Bilbaoko urrezko medaila.
- 1882ko Probintzia Erakusketan ere garaile izan zen, Anselmo Guinea margolariarekin batera saririk onena lortu baitzuen.
- San Vicente de Abandoko (1860-64) erretaula nagusian esku hartu zuen -haren diseinua Juan Blas de Hormaeche arkitektoak egin zuen-. Erretaula hartan, San Vicenteren irudia egin zuen, eta hargatik, 6.000 kobrezko txanpon jaso zituen.
- Nicolas de Olaguibel jaunaren etxean ere egin zuen lan.
- 1868an Begoñako hilerrirako gurutze bat egin zuen, 600 errealen truke.
- Foruen zubiko lehoiak egin zituen, 1869an.
- Mallonako laguntzaileen monumentua (Monumento a los Auxiliares de Mallona) egiteko aurkeztu zuen bere burua, baina, horretarako, lehiaketa publikoa egitea eskatu zuen.
- Bilboko Erruki etxeko fatxada landu zuen, oso modu xumean.
- Begoñako basilikako aldarean dagoen "San Jose umearekin" estatua (1888).[5]
- Hilobi estatuen alorrean, zenbait obra egin zituen Debako, Ramalesko, Mundakako eta Artziniegako hilerrietan.
- Eta hain zuzen ere, hark egindako zenbait eredu gerora haren lantegian lanean jarraitutakoek errepikatu zituzten.
Dohaintzak
aldatuZenbait albiste eta jarduketek agerian uzten dute eskultorearen erlijiotasuna eta bokazio filantropikoa; eskultoreak, bere bizitzan zehar, dohaintza ugari egin zizkien tenplu, ospitale, laguntza-zentro eta irakaskuntza zentroei. Joera horiek sendoturik geratu ziren testamentuan erabakitakoekin, izan ere, ezkongabe hiltzean, bere ondasun gehienak karitatezko zenbait obratarako erabili zituen. Era berean, nabarmendu behar da fundazio baten ardura zuen erakunde bat sortu zuela, baliabiderik gabeko gazteen prestakuntza ordaintzeko, batez ere arkitekturan eta eskulturan.[1]
Garamendik Begoñan eraiki zuen etxea Begoñako herriari utzi zion testamenduan, eta gainera 38.000 pezeta gehiago haur-eskola bat eraikitzeko, Etxea maisu-maistren etxebizitza izateko utzi zuen [3] Mario Camina arkitektoak bi nabe paralelo eraiki zituen etxearen ezker eta eskuinaldean, mutilentzat eta neskentzat, hurrenez hurren. 1901ean ireki zen eskola, Carlos Maria Orue alkatea zela. 1905ean Begoñako udalak estatua bat enkargatzea adostu zuen, Higinio Basterra eskultoreari 3.000 pezeta ordainduko zioten lanarengatik. 1907an inauguratu zuten eskultura, eskolako sarreran jarrita, eskailera nagusien aurrean. 1964an Bilboko udalak nesken nabea bota behar izan zuen, Zumalakarregi etorbideko tunel berriak egiterakoan lehergailuen eztandek larri kaltetu zuten eta. 1970ean, berriz, eskola osoa eta maisu-maistren etxea (Garamendiren etxebizitza izan zena) bota zituzten. Estatua Uribarriko eskolara eraman zuten, eta horrela bukatu zen eskola haren 70 urteko historia. Argi geratu zen orduko Bilboko udalarentzat hutsaren hurrengoa zirela Begoñako udaletxea eta Garamendik oparitutako etxea eta eskola.
Aitortzak
aldatu- Bernabe de Garamendiren omenez mausoleo neoklasiko bat jarri zuten Begoñako hilerrian. Garamendiren diszipuloa izan zen Higinio Basterrak egin zuen Bernabe de Garamendi oraindik bizirik zegoela, eta hori izan zen Basterraren lehenengo obra garrantzitsua. Obra horretan, ordena, lasaitasuna eta harmonia islatzen da. Monumentuaren goi aldean aingeru iragarle bat dago, hatz bat zerurantz zuzenduta duela; oso egoera txarrean dago, ordea.
- Bere etxea Begoñako herriari oparitu ziola-eta, Garamendiri omenaldia egiteko beste monumentu bat egin zuen Higinio Basterrak, Begoñako errepublikak eskatuta. 1907an inauguratu zuten, Begoñan bertan jarri zuten, basilikatik oso gertu, udaletxearen eta eskultoreak emandako eskolen artean. Eskultura hori lan erromantikoa da, haurraren irudian lirismo sentiberaz betea eta artistaren erretratu espresionistan aztertzeko gaitasuna. 1960eko hamarkadan udaletxea eta eskola hori bota zituztenean (Zumalakarregi kaleko tunelak egiteko) eskultura Uribarriko eskolara eraman zuten, atari nagusian ikus daiteke.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e «Bernabé Garamendi Zaldívar | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2024-03-31).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Garamendi Zaldívar, Bernabé de - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-31).
- ↑ a b c d e Sáenz de Gorbea, Xabier. «Eskultura eta euskal eskultoreak (1875-1939)» hiru.eus (hiru.eus).
- ↑ Olalde, Rafa. (2018-05-08). Bernabé de Garamendi. Bilbao: Arte en la calle bloga. Esculturas, graffitis, murales y todo lo que sea arte callejero..
- ↑ (Gaztelaniaz) «Basílica de Nuestra Señora de Begoña - Bilbao» Iglesias de Bizkaia (Noiz kontsultatua: 2024-03-31).
Bibliografia
aldatu- SAENZ DE GORBEA, Xabier: "El mausoleo de Begoña", Asteburua aldizkaria, Deia, 1999-8-27.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Bernabé Garamendi Zaldívar | Real Academia de la Historia (rah.es)