[go: up one dir, main page]

Bakegileak (edo Bakearen artisauak) Ipar Euskal Herriko gizarte zibileko ekintzailez eta sindikalistaz osatutako talde bat da, 2017an ETA armagabetzea lortzeko aurreko urtetik hasita bitartekaritza lanak egin zituena, Espainiako eta Frantziako Gobernuen jarreraren aurrean. Kideak oso ezagunak dira Ipar Euskal Herrian, bakearen aldeko mugimenduetan parte hartu baitute, eta ez dute ETArekin eta Gobernu horiekin inolako loturarik.

"Bakegileak" ETAren armagabetzea bideratzen. Armen kokalekuen berri poliziari eman, eta polizia bertaratu bitartean, hainbat begirale arduratu ziren armen kokalekuak zaintzeaz eta poliziaren esku geratzen zirela egiaztatzeaz. (2017-04-08)
2011ko gatazkaren konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentziako mahaia, ezkerretik eskuinera: Jonatan Powell, Pierre Joxe, Kofi Annan, Gro Harlem Brundtland, Bertie Ahern eta Gerry Adams.

2011-2016: Borroka armaturik ez, baina armagabetzerik ez

aldatu

2011ko urriaren 20an, ETAk borroka armatuari amaiera ematea erabaki zuen. Egun batzuk lehenago, Aieteko bake konferentzian, Koffi Annanek eta Europako 6 lider politikok (Jonathan Powell, Bertie Ahern, Gro Harlem Brundtland, Pierre Joxe eta Gerry Adams) eginiko eskakizunari erantzuten zion alde bakarreko eta Espainiako zein Frantziako gobernuekin negoziatu gabeko prozesu baten baitan.[1]

ETAk prozesu ordenatu, egiaztagarri eta segurtatu baten bidez armagabetzeko borondatea agertu zuen.[1] Geroztik ETAren armagabetze hura helburu bihurtu zen, oro har, euskal gizartean. Bost urtean, ETAk zenbait urrats egin zituen: armagabetzeari ekin zion 2014ko otsailean, nazioarteko batzorde bati arma kopuru txiki bat emanez[2]; 2014ko martxoan armategien zigilatzeari hasiera eman ziola iragarri zuen; eta bere egitura militarrak deseginda zituela adierazi zuen 2014ko uztailean; beti ere aldebakartasunean, gobernuekiko inolako harremanik izan gabe.

Espainiako eta Frantziako gobernuek ez zuten armagabetzearen prozesuan parte hartu nahi izan. Gobernu horiek armagabetzeko ETAk berariaz izendatutako egiturak desegin zituen, eta haien arduradunak behin eta berriz atxilotu zituzten, baita armategiak bildu eta zigilatzeko mugimenduak oztopatu ere. Gainera, bost urte horretan, bi gobernuek armen lehenengo entrega egiaztatu zuten nazioarteko begiraleak epaitegietara eramanez erantzun zieten ETAren mugimenduei.

2016: Armagabetzea jendarte zibilaren esku

aldatu

Blokeozko egoera honen aurrean, Ipar Euskal Herriko jendarte zibileko pertsona batzuk harremanetan jarri ziren ETArekin, eta beren burua eskaini armagabetze prozesua aurrera eramateko. Hartu eman horien ondorioz, ETAk “jendarte zibilaren esku” utzi zuen armagabetzea.

2016: Bakegintzako ekintzaileen atxiloketa eta jendartearen elkartasuna

aldatu
 
Bakegileek Luhuso herrian ETAren armak suntsitzeko prestatu zuten tailerra (2016-12-16)

Baina ekinbide hori etengo zela zirudien 2016ko abenduaren 16an, Luhuso herrian, ETAren armagabetzea bideratzen ari zirenean. Frantziako eta Espainiako polizia-operazio baten ondorioz bilera eragotzi eta etxean zeuden bost pertsona atxilotu zituzten. Egun batzuetarako espetxeratuak izan ziren, ETAk haien esku utzitako armak (bere armategiaren % 15) suntsitzera zihoazelarik, horretarako propio prestatutako tailer batean. Operazioan agenteek lehergailuak egiteko materiala, hogeita hamar pistola, bederatzi fusil, lau errebolber, detonagailuak, eta tenporizadoreak eraman zituzten bertatik.[3][4]

Berehala, elkartasun mezuek ez zuten etenik izan, eta asko ziren Frantziako eta Espainiako gobernuek emandako hasierako bertsioa gezurtatu zutenak. Izan ere, ETAren aurkako kolpe gisa aurkeztu zuten polizia-operazioa bi herrialde horietako Barne Ministerioek eta zenbait kazetak. Baina bost atxilotuek utzitako frogek beste panorama bat azalarazi zuten; atxilotuek, gizarte zibileko kide gisa, atxiloketak gertatu baino lehenago prest agertuak baitziren idatziz ETAren armagabetze prozesua aurrera eramaten laguntzeko. NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak gainbegiratu behar zuen prozesua, eta armak suntsitzen zituztela berretsi. Horren erakusle zen atxilotuetako hiruren eta ETAren arteko korrespondentzia. Gutun horietan irakur zitekeen ETAren armagabetzeko borondatea, eta Luhusoko operazioan atxilotuena, bide horretan laguntzeko. Izan ere burutzen ari ziren ekintzak haien atxiloketa ekar zezakeelakoan prest utziak zituzten zenbat dokumentu, poliziak esku hartuz gero argitaratuak izan zitezen.

Atxiloketa gertatu eta hurrengo egunetan bakegintzako ekintzaile horien aldeko ekitaldi ugari antolatu ziren.[4] Horrela, epailearen aurreko lehen saioa egin baino egun bat lehenago hainbat eragile politiko, sozial eta hautetsi bildu ziren, armagabetzean eta bake bidean aurrerantzean eman beharreko pausoak elkarrekin aztertzeko. Baionan 4000 lagun inguru elkartu ziren operazio poliziala salatzeko eta «bakegileei» (izen hori hasi zen erabiltzen egun haietan) elkartasuna adierazteko. Beste deialdi batzuk ere izan ziren, besteak beste, Luhuson bertan, Donibane Lohizunen eta Donibane Garazin; guztira ehunka herritar elkartu ziren aldarri beraren pean, atxilotuak askatzea galdegiteko.

Akitania eskualdeko osoko bilkuran, berriz, zazpi hautetsik atxilotuen aldeko ohar bat irakurri zuten, eta Alain Rousset Akitaniako Kontseiluko presidenteak ere bat egin zuen. Eta ardura hartu zuen deklarazio ofizial hori Frantziako lehen ministroari eta Justizia ministroari igortzeko. Andde Sainte-Marie, Mathieu Berge, Alice Leiziaguezahar, Emilie Dutoya, Michel Veunac, Frederic Espagnac eta Sandrine Dervillek izan ziren adierazpenaren zazpi sinatzaileak.

Epailearen aurrera eraman aurretik prokuradoreak hartu zien deklarazioa. Ez zien egotziko gero gaizkile taldeko kide izatea, baina bai harekin harremana izatea, armak eta lehergailuak edukitzea eta haiek garraiatzea; epaileari eskatu zion bost lagunak auzipetu bai, baina baldintzapean libre uzteko. Eta horixe erabaki zuen epaileak. Atxiloaldiak 4 egun iraun zuen.[5] Prozedura judizialak iraun zuen bitartean, zenbait neurri ezarri zizkieten atxilotuei: besteak beste ezin izango zuten elkarrekin egon, ez eta Frantziatik irten.

2017: Armagabetzea

aldatu
 
Apirilaren 8an goizeko bileraren berri emateko prentsaurrekoa (irudiaren iturria: Argia, Dani Blanco).

Hauek ziren ‘bakearen artisauak’ ezizenez ezagunak egin ziren lehenengo sei pertsonak:[3]

  • Jean Noel Etcheverry (Txetx Etxeberri): Demo eta Bizi mugimenduetako kidea. Euskal Herriko Laborantza Ganberako fundatzailea.
  • Mixel Berhokoirigoin: Euskal Herriko Laborantza Ganberaren presidente ohia.
  • Michel Tubiana: Frantziako Giza Eskubideen Ligako presidentea. Luhuson izandako bileran egotekoa zen, baina iritsi ez zenez, ez zuten atxilotu.
  • Beatrice Molle-Haran: Mediabaskeko kazetaria eta Radio Euskadiko berriemaile ohia. Atxiloketak egin zituzten etxearen jabea zen.
  • Stephane Etxegarai: Luhusuko bilera grabatzeko prest zegoen freelance kameraria.
  • Mixel Bergouignan: Baigorriko mahastizaina.
 
Apirilaren 8an Bakegileek planteamendua jendaurrean azaldu zuten unea, Baionan (irudiaren iturria: Argia, Dani Blanco)

Libre geratu zirenean, eta gizarteko babes handiagoarekin, berriro ekin zioten armagabetze-prozesuari, nahiz eta haien aurkako akusazioak (erakunde armatu batekin harremanak izatea eta armak eduki eta garraiatzea) epaitegietan indarrean jarraitu. 2016ko abenduaren 23an, Ipar Euskal Herriko 600 hautetsik baino gehiagok (eskuindarrak, ezkertiarrak, ekologistak, abertzaleak...) armagabetze prozesuan eta konponbide globalean inplikatzeko eskatu zioten Frantses Gobernuari.[6]

Handik hiru hilabetera, 2017ko martxoaren 17an, gainerako arma guztiak apirilaren 8an entregatuko zituztela zabaldu zuten Le Monde egunkariaren bitartez, gizarte zibileko ordezkari horiek antolatuko zuten 2017ko apirilaren 8ko armagabetze-egunean.[7][8] Egun horretatik aurrera, ETA armarik gabeko erakundea izango zen.[9] Armategietara heltzeko datuak The Guardian egunkarira bidali ziren egun horretan.[10]

 
"Bakegile" batzuk arma-kokaleku bat zaintzen, poliziaren esku geratuko zirela egiaztatzeko. (2017-04-08)

Egun horretan 172 izan ziren bakegintza-ekintzaile moduan aritu zirenak, lekuko gisa parte hartu zuten Frantziako poliziak 8 zulotatik armak jaso zituenean.[11] Izan ere ETAk Bakearen Artisauei armen kokalekua jakinarazi, hauek informazioa Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen esku utzi, Batzorde honek kokalekuen berri poliziari eman, eta polizia bertaratu bitartean, 172 begirale hauek arduratu ziren armen kokalekuak zaintzeaz eta poliziaren esku geratzen zirela egiaztatzeaz. Hortaz Luhusoko atxilotuei bezala armen zaintza egitearen akusazioa jasateko arriskuan egon ziren. Polizia ordea pertsona hauek identifikatzera mugatu zen, eta hurrengo egunetan bederen ez zegoen prozesatuak izango zirelako inolako zantzurik. Lagun horien artean baziren hautetsi zein hautetsi ohiak, sindikalistak, politikariak eta bestelako pertsonak, hala Euskal Herri mailakoak nola Frantzia mailakoak ere.

Bitartean Baionan hainbat ekitaldi antolatu zituzten bake prozesua bultzatzeko.[12][6] Besteak beste, armagabetzerako Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bere adierazpena aurkeztu zen.[13][14]

Bakegileak Parisko Zigor Auzitegian (2016-2024)

aldatu

Frantziako estatuak salatu zituen bakegileak armagabetze-prozesuan parte hartu zutelako. Zenbait urtez iraun zuen auzi-prozedura hori. 2016ko abenduan Luhusoko Errekartea baserrian ETA zenaren armategiaren parte bat desaktibatzeko ekintza egiteagatik.[15] Fiskaltzaren arabera, frogatua gelditu zen bi auzipetuek ETAren helburuen arabera jardun zutela, eta biak zigortzeko eskatu zuen. Azkenean, 2024ko apiril hasieran epaitu zituzten bakegileak.[16] Parisko Zigor Auzitegiak erruduntzat jo zituen Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Molle, baina oso bitxia bazen ere, zigorrik ez jartzea erabaki zuen.[17]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b «Brian Currinen balorazioa bakearen konferentziaz» Argia (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  2. «ETAk armen zati bat indargabetu du» Argia (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  3. a b EiTB. Nortzuk dira 'bakearen artisauak'?. (Noiz kontsultatua: 2017-04-19).
  4. a b (Frantsesez) «Armes d’ETA : les cinq personnes interpellées mises en examen» Le Monde.fr 2016-12-20 ISSN 1950-6244. (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  5. Berria.eus. «Luhusoko bost atxilotuak aske utzi dituzte» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  6. a b (Frantsesez) «PRENTSA | Artisans de la Paix» Artisans de la Paix (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  7. (Frantsesez) Pascual, Rémi Barroux et Julia. (2017-03-17). «Le désarmement de l’organisation ETA, un casse-tête pour l’Etat» Le Monde.fr ISSN 1950-6244. (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  8. «Apirilaren 8an ETAren armagabetze zibila iragarri dute» Argia (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  9. (Frantsesez) spécial), Michel Garicoïx (Bayonne, correspondant) et Rémi Barroux (Bayonne, envoyé. (2017-04-07). «A Bayonne, derniers préparatifs pour la restitution de l’arsenal d’ETA aux autorités françaises» Le Monde.fr ISSN 1950-6244. (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  10. (Ingelesez) Tremlett, Giles. (2017-04-08). «Exclusive: Eta documents reveal details of weapons dumps as group disarms» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  11. (Frantsesez) spécial), Rémi Barroux (Bayonne (Pyrénées-Atlantiques), envoyé. (2017-04-10). «Après le désarmement réussi de l’ETA, le défi de la paix» Le Monde.fr ISSN 1950-6244. (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  12. (Ingelesez) Powell, Jonathan. (2017-04-08). «Eta's weapons surrender brings to an end 50 years of killing» Financial Times (Noiz kontsultatua: 2017-04-20).
  13. Berria. «Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen adierazpena» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-04-21).
  14. Berria.eus. «Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen adierazpena (ingelesez)» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-04-21).
  15. Erramondegi Beloki, Ekhi. (2024-03-26). «Luhuso, armagabetzea bideratu zuen gaua» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-05-24).
  16. Erramondegi Beloki, Ehi. (2024-04-03). «Bi urteko espetxe zigorra eskatu du prokuradoreak Etxeberrirentzat, eta urtebetekoa Mollerentzat» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-05-24).
  17. Erremundegi Beloki, Ekhi. (2024-05-16). «Erruduntzat jo dituzte 'bakegileak', zigortu gabe» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-05-24).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu